Alkategaiekin mahai-ingurua egingo du Uztarriak maiatzaren 17an

Uztarria.eus 2011ko mai. 12a, 19:05

Sanagustin kulturgunean izango da, 19:00etan, eta jendeari irekitako ekitaldia izango da

Jesus Larrañagak (EAJ), Eneko Etxeberriak (Bildu), Juan Karlos Arellanok (Aralar), Iñaki Uribek (PSE-EE) eta Aitor Arangurenek (Hamaikabat) hartuko dute parte

2011ko udal hauteskundeen jarraipen informatiboaren barruan, Uztarria Komunikazio Taldeak mahai-ingurua antolatu du, Azpeitiko alkategaiekin, datorren astearterako, maiatzak 17. Sanagustin kulturgunean izango da, 19:00etan, eta jendeari irekitako ekitaldia izango da.

Jesus Larranagak (EAJ), Eneko Etxeberriak (Bildu), Juan Karlos Arellanok (Aralar), Inaki Uribek (PSE-EE) eta Aitor Arangurenek (Hamaikabat) hartuko dute parte mahai-inguruan. PPren hautagaia, Manuel Palacio, ez da Sanagustinen izango; Uztarriak gonbidapena luzatu zion bere garaian, baina ez du erantzunik jaso.

Estitxu Elduaien kazetariak gidatuko du mahai-ingurua, moderatzaile lana eginez. Bost hautagaiei herriarekin lotutako hainbat gai jarriko zaizkie mahai gainean. Ikus-entzuleek ez dute galderak egiteko aukerarik izango mahai-inguruan; bai ordea, webgune honen bidez. Uztarriak elkarrizketa digitalak egingo ditu alkategaiekin eta herritarrek galderak egiteko aukera dute. Aurrenekoa, Aitor Arangurenena, dagoeneko abian da.

Erlo Telebista eta Hitza laguntzaile

Uztarriak Erlo Telebistaren eta Urola Kostako Hitza-ren laguntzarekin antolatu du maiatzaren 17ko mahai-ingurua. Erlo Telebistak saioa grabatuko du eta, besteak beste, webgune honetan ere jarriko da grabaketa.