CSN Brasilgo enpresak erosiko du Corrugados

uztarria.com - Urola Kostako Hitza 2011ko mai. 12a, 14:05
CNSko eta Corrugadoseko ordezkariak, eta Julian Eizmendi alkatea udaletxean.

Metalgintzan jarduten duen enpresako ordezkariak Julian Eizmendi alkatearekin bildu ziren

Eizmendiren iritziz, "albistea ona da langileentzat, Azpeitiarentzat eta bailara guztiarentzat"

Joan den urte bukaeran aurreikusi zen gisan, Companhia Siderurgica Nacional (CNS) metalgintzan jarduten duen Brasilgo enpresak Alfonso Gallardo Taldearen bi enpresak erosiko ditu: Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao. Enpresako ordezkariak Azpeitian izan dira egunotan, eta Julian Eizmendi alkatearekin bildu dira, herriko planeamendu urbanistikoa nola izan den-eta jakiteko. Julian Eizmendi alkateak adierazi duenez, "CSN enpresa fuertea da eta bertako kideek enpresaren gidaritza egun gutxi barru hartzeko asmoa adierazi dute".

Eizmendiren ustez, "albiste ona da enpresaren etorkizunarentzat eta baita bertako langileentzat ere. Albistea ona da Azpeitia eta bailara guztiarentzat".

Azken urteotan enpresak "inbertsio garrantzitsuak" egin dituela instalizioetan eta Trukutxu eremua (Lasao) prestatzen dio Eizmendik: "Inbertsio horiek eginda egotea garrantzitsua da egun gutxi barru eskualdaketa egingo delako eta aurrera begira beste aro itxaropentsu bati ekiteko".

CNS Brasilgo siderurgia talderik handiena da, eta Hego Amerikako handienetakoa. Brasildik kanpo beste bi lantegi zituen orain arte, AEBetan bata eta Portugalen bestea.

Langileek informaziorik ez

ELAko langileen ordezkari Quico Praterok Urola Kostako Hitza-ri adierazi dioenez, ez dute "inolako" informaziorik. "Ez dakigu ezer". Langileak etsitzen hasiak dira. "Hau adarjotze bat da. Enpresako gerentziak ere ezer ez zekiela esan zigun lehengo astean, baina hemen zebiltzan gero brasildarrak. Sekretismo handia dagoela behintzat argi dago, eta ez dakigu zer gertatzen ari den hor atzean", dio Praterok.

Langileak martxotik daude LET Lan Erregulazio Txosten baten pean eta, zuzendaritzako zenbaiti izan ezik, beste guztiei eragiten diete neurriek. Dena den, LETeko 100 egun arte luza dezakete egoera.

Balorazioak "ondoren"

LAB sindikatuko Aitzol Aristorenak zera adierazi du: "Enpresa honek Corrugados erostea positiboa ala negatiboa den, gero ikusi beharko da". Inbertsioak "aspaldi" eginak daudela dio. "Ikusi beharko dena da horrek plantillan eraginik ba al duen ala ez; langile kopurua jaitsiko den ala ez, alegia, eta zein lan baldintza izango dituzten langileek".

Langileei kezka gehien sortzen diena zera da: "Gaia ezkutuan daramate, eta mesfidantza handia sortzen du horrek".