Gazteok Bildu jaialdia antolatu dute zapaturako

Uztarria.eus 2011ko mai. 11a, 14:05
Jaialdia iragartzen duen kartela.

.21:00etan hasiko da jaialdia eta luntxa, bertso saioa eta kontzertuak izango dira Gaztetxean

Gazteek Bilduri "babesa erakusteko" antolatu dute jaialdia

Datorren zapaturako, hilak 14, Gazteok Bildu jaialdia antolatu dute, "gazteok Bildu -ri babesa erakusteko". Gaztetxean izango da ekimena eta antolatzaileek adierazi dutenez, "maiatzaren 22ko hauteskundeetan asko dugu jokoan gazteok, eta gazteak bozka ematera gonbidatu nahi ditugu".

Gainera, Azpeitiko gazteek "bi aukeren artean" hautatu beharko dutela esan dute: "Gazteen hitza kontuan hartuko duen Bildu ala gazteen edozein ekimen oztopatuko duen EAJ".

Bilduk udaletxera "aire freskoa" ekarriko duela esan dute antolatzaileek: "Gazteon hitza errespetatuko da, herri mugimenduak ez du oztoporik jasan beharko, parte hartzean oinarrituko da Udalaren jarduna eta gazteok ditugun arazoei, etxebizitza eta langabezia esaterako, ezkerreko ikuspegi batetik egingo zaie aurre". Beraz, Bilduk "aukera gutxien ditugun gazteon arazoei" irtenbideak emango dizkiola gehitu dute. Hori dela-eta, Azpeitiko gazteei "dei egin" diete jaialdian parte hartu dezaten eta maiatzaren 22an Bilduren aldeko botoa eman dezaten.

21:00etan luntxa egongo da eta, segidan, Bertso Parrandako finalistek , HATXE eta MAN taldeek, bertso saioa eskainiko dute. Behin hori bukatuta, Azpeitiko musika talde desberdinek kontzertuak eskainiko dituzte. Besteak beste, Oldbridge, Garraxika eta Egurra ta Kitto! taldeak igoko dira oholtzara. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "sorpresak ere izango dira jaialdian" eta jaialdia antolatzea posible egin duten guztiei "eskerrak" eman dizkiete.