"Elkarbizitzeko eta bizitzeko" eman behar zaiola bozka esan du EAJk

Uztarria.eus 2011ko mai. 10a, 14:05
EAJren Azpeitiko zein Gipuzkoako ordezkariak gaur, udaletxe azpian. Hizketan, Jesus Larrañaga alkategaia.

Azpeitiko EAJko alkatetzarako hautagai Jesus Larrañagak eta Markel Olanok agerraldia egin dute gaur, udaletxe azpian

Larrañagak herrira begira dituzten asmoez-eta hitz egin du; Olanok Gipuzkoako irakurketa egin du

Azpeitiko EAJren alkatetzarako hautagai Jesus Larrañaga eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak agerraldia egin dute gaur, maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeen kanpainaren baitan, udaletxe azpian.

Larrañagak hartu du hitza lehenengo, eta esan du EAJri bozka "elkarbizitzeko eta bizitzeko" eman behar zaiola. Krisia egoera ere aipatu du eta, eta hori gainditzeko "lana eta errespetua" beharrezkoak direla gaineratu du.

Etxebizitza ere beharrezkoa dela esan du: "Gazteek eta banatutako bikoteek-eta etxebizitzak behar dituzte". Segurtasun planaz ere aritu da Larrañaga, eta herritarrei zein etorkinei laguntzak emango dizkietela azaldu du.

Bildu koalizioa modernoa zergatik den galdetu du EAJren alkategaiak, eta "orain artean ezer ez" dutela egin adierazi du. ETAren desagerpena aldarrikatu du: "Guk garbi daukagu ETAk desagertu egin behar duela, baina beraiek (ezker abertzaleak) ere esan egin behar dute. Noiz, ordea?". ETAk tiroz hil zuen Inazio Uria Altuna y Uria enpresako arduradunetakoa ere gogoan izan du Larrañagak: "Hilketaren aurrean gu ez ginen isilik egon, baina ezker abertzalekoak isilik egon ziren".

Azpeitia "martxan jarri nahi" dutela eta lau urteotako "blokeoarekin bukatu" beharra dagoela ere esan du, Larrañagak. "Azpeitiarrok festazale fama daukagu eta festan onak gara, baina lanean hobeak", gehitu du bukaeran.

Markel Olano EAJren Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak hartu du hitza segidan, eta gizarte politika izan du hizpide. Orain artean, alduendietan gizarte politikari dagokionez "urratsak egin" direla eta aurrekontua %60 hazi dela esan du: "Gizarte zerbitzuak hobetu eta beharrak asetu ditugu".

Etorkizunera begira, gaur artean egindakoaren "iraunkortasuna zabaltzea" proposatu du Olanok. PSE-EEren proposamena "porrota" izan denez eta ezker abertzalearen proposamena "aurkeztu gabe" dagoenez, azpimarratu du EAJren eredu ekonomikoa dela "egokiena" eta "erdiko bidea edo ubidea".

Olanoren iritziz, "EAJren gizarte politika eraginkorra zein iraunkorra da". Gizarte politikaren laguntzaz, langabeziari aurre egin behar zaiola gaineratu du.