Liburuaren Eguna, atzeratuta, baina badator

Uztarria.eus 2011ko mai. 5a, 15:05

Bihar, ostirala, eta etzi, zapatua, Udalak kaleratutako liburuak erosteko aukera izango da

Bestalde, liburutegian 40 irakurketa agenda zozkatuko dituzte bihar

Izatez, apirilaren 23an ospatzen da Liburuaren Nazioarteko Eguna leku guztietan. Aurten, apirilaren 23a Aste Santuko jai eguna izan denez, egunez aldatu dute Azpeitian.

Liburuaren Egunaren harira, Azpeitiko Udalak orain artean argitaratu dituen liburuen eskaintza berezia egingo du bihar, hilak 6, eta etzi, hilak 7. Ia liburu guztiak 5 euroren truke erosi ahal izango dira plazan. Baina, 700. urteurrenaren baitan kaleratutako liburuak eta haurrentzako ipuin bilduma ez; 50 euro eta 10 euro ordaindu beharko dira hurrenez hurren.

Bihar, ostirala, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da liburuak erosteko aukera, plazan. Etzi, zapatua, berriz, 11:00etatik 13:00etara, udaletxeko arkupetan.

Bestalde, bihar bitartean, liburutegira joan eta fitxa bat betetzen duenak, 40 irakurketa agenden zozketan hartuko du parte. Zozketa bihar, ostirala, egingo dute 19:00etan.

Horrez gain, aste honetan Iturri Txiki ludotekako gaztetxoek Liburuaren Egunaren baitan hainbat ekimen egin dituzte. Tartean, orri-aurkitzaileak egin dituzte eta horiekin erakusketa egingo dute Liburutegian.