Azpeitia Ataunen kontra lehiatuko da Herriarteko final zortzirenetan

Uztarria.eus 2011ko mai. 4a, 12:05

Joaneko partida maiatzaren 14-15eko astebukaeran jokatuko dituzte, Ataunen

Jesus Ruiz Argandoña Keuttin-en iritziz, "aurten ez dago faborito garbirik eta senior mailan hor nonbait gabiltza guztiak, baina jubenil eta kadeteekin arazo asko dago"

Abian da 2010-2011ko Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa Kutxa Saria. Azpeitiko taldea, Ilunpe Pilota Elkartea, iaz Herriartekoa irabazita dator aurtengo lehiara. Ataun izango da azpeitiarren lehenengo aurkaria eta, bigarren kanporaketan, final zortzirenetan, hasiko da lehiatzen. Joaneko partida maiatzaren 14-15 astebukaeran jokatuko dituzte, Ataunen.

Azpeitiko Ilunpe Pilota Elkarteko arduradun Jesus Ruiz Argandoña Keuttin-en iritziz, "aurten ez dago faborito garbirik eta senior mailan hor nonbait gabiltza guztiak, baina jubenil eta kadeteekin arazo asko dago". "Kadete onak dituenak jubenilak ditu eskasagoak, eta jubenilak onak dituenak, kadeteak ez", adierazi du Keuttin-ek. Ataungo taldeari dagokionean, "jubenil onak" dituztela eta "jokoa kadedete mailan egongo" dela esan du Ilunpeko zuzendaritzako kideak.

Lehendabiziko bi kanporaketak jokatuta, maiatzaren 29tik ekainaren 5era bitartean jokatuko dituzte final laurdenak, eta hurrengo astean finalerdiak izango dira. Finala, berriz, ekainaren 26an izango da.