Gorenaren erabakiaren aurrean, herriko alderdien erreakzioak

Uztarria.eus 2011ko mai. 2a, 22:05

Bildu koalizioak udal hauteskundeetarako aurkeztutako zerrendak baliogabetu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak

Erabakiaren aurrean herriko alderdiek izandako erreakzioak jaso ditu Uztarriak

Espainiako Auzitegi Gorenak Bilduri hauteskundeetan parte hartzeko ezarritako debekuaren ondorenean, herriko talde politikoen erreakzioak bildu ditu Uztarriak:

Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ): "Bat egiten dugu alderdikideek eta goikoek esan dutenarekin". EAJk eten egingo du Espainiako Gobernuarekin duen lankidetza eta babesa hemendik aurrerako ekimenetan. Joseba Egibar Gipuzkoako EAJko lehendakariak adierazi duenez, "onartezina da hainbeste hautagaitza, hautagai, gizon eta emakume hauteskundeetara aurkeztu nahian egon, baldintza guztiak bete eta interes politikoengatik ez uztea".

Ezker abertzalea: "Erabaki honek Euskal Herriak bizi duen apartheid egoera gero eta ageriago uzten du. Milaka pertsonari eragiten dion neurria da eta esparrua gero eta eta gehiago ari dira zabaltzen. Hau guztia Euskal Herrian bizi dugun egoera ez demokratikoaren ondorioa da eta horren aurrean ezker abertzaletik argi daukagu independentziaren aldeko bidea egin behar dugula. Independentiston artean indarrak bildu eta aurrera egiten jarraitzeko unea da".

Eusko Alkartasuna (EA): "Dirudienez beldur handia dute eta dudarik gabe bozkak pisu handia du, edozerk baino gehiago. Horri diote beldurra, bozkari, bestea asumituta dute. Bide luzea dago oraindik, baina harri eta oztopoak jarri arren aurrera egingo dugu".

Aralar: "Inondik inora ez da berri ona. Aspalditik zuten erabakita eta erabaki politikoaren aurrean zaila da zerbait egitea. Denok izan behar genuke politikagintzan aritzeko aukera: aurkezteko, bozkatzeko... Bakoitzak bere bidean jarraitu behar du".

Hamaikabat (H1!): "Euskal Herriaren normalkuntzarako bidean oztopo larri bat da Bilduren ilegalizazioa. Aukera politiko guztiek hauteskundeetan egoteko eskubidea dute eta hiritarren hitzak soilik balio du alderdi batek erakundeetan egon behar duen edo ez erabakitzeko garaian. Politikan hiritarrek duten parte hartzeko eskubidearen aurka doa eta ondorioz, hiritarrak ordezkatzen dituzten erakundeen ordezkapenaren aurka, demokraziaren muinaren aurka, alegia".

Bilduk bi eguneko epea izango du orain Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzeko. Konstituzionalak ostegun eguerdirako eman beharko du erabakia, kanpaina ostiralean hasiko baita.

Albistearen inguruko informazio gehiago hemen.