Ataun izango da Azpeitiaren aurreneko aurkaria Gipuzkoako Herriartekoan

Uztarria.eus 2011ko api. 20a, 19:04

Joaneko partidak maiatzaren 14-15eko astebukaeran jokatu dituzte, Ataunen

2010ean irabazitako txapela berritzea "zaila" izango dela dio Jesus Ruiz Argandoña Keuttin-ek

Ilunpe Pilota Elkarteak atzo, hilak 19, jakin zuen 2011ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan izango duen aurreneko aurkariaren izena. Ataunen kontra jokatu beharko dute azpeitiarrek. Txapelketa apirilaren 30eko eta maiatzaren 1eko astebukaeran hasiko da, baina Azpeitia -zerrendaburuetako bat zen zozketan- bigarren kanporaketan, final zortzirenetan, hasiko da lehiatzen. Joaneko partidak maiatzaren 14-15eko astebukaeran jokatu dituzte, Ataunen.

Aizpuru-Illarramendi (kadete mailan), Eizmendi-Orbegozo (jubenil mailan) eta Larrañaga-Uzkudun (senior mailan) izango dira Ilunperen bikoteak. 2010ean irabazitako txapela berritzea "zaila" izango dela dio Jesus Ruiz Argandoña Keuttin-ek; "bi-hiru urte itxaron egin beharko", dio. Ilunperen ordezkariaren arabera, "aurten ez dago faborito garbirik. Senior mailan hor nonbait gabiltza guztiak, baina jubenil eta kadeteekin arazo asko dago; kadete onak dituenak jubenilak ditu eskasagoak, eta jubenilak onak dituenak, kadeteak ez".

Azpeitian, jubenil mailako bikotearekin izan dituzte buruhauste handienak. Iaz kadeteetan aritu zen Iker Eizmendik jokatuko du aurrean, eta erremonte eskolatik berreskuratu duten Jagoba Orbegozok beteko du, printzipioz, atzelari postua. Atauni dagokionez, "jubenil onak" dituztela dio Keuttin-ek: "Handietan guk irabaziko dugula uste dut, eta kadete mailan egongo da jokoa".