Azpeitia Hiria I. Bolo Txapelketa jokatuko dute igandean

Uztarria.eus | Kirolak
2011ko api. 15a, 10:04

Hamar klubetako ordezkariek hartuko dute parte Garmendipeko bolatoki berria estreinatuko duen lehiaketan

Bolatokia erabiltzeko araudia aurkeztu du Udalak

Garmendipe klubeko kideak eta Udaleko ordezkariak, atzo, bolatokian bertan.  Argazki originala

Hiru txirlo modalitateko bolo lehien nondik norakoak hobeto ezagutzeko aukera izango da etzi, igandea, herrian, atzo arratsaldean aurkeztu zuten Azpeitia Hiria I. Bolo Txapelketaren eskutik. Hamar klubetako ordezkariek hartuko dute parte Garmendipeko bolatoki berria estreinatuko duen lehiaketan. Tartean izango dira Azpeitian eratu berri duten Garmendipe klubeko bi taldeak; guztira ehundik gora parte-hartzaile espero dituzte eta, aurkezpenean azaldu zutenez, ikuskizuna hiru bat orduz luzatuko da.

Garmendipe klubak hamaika kide ditu une honetan, eta bi taldetan -A eta B- banatuta lehiatzen dira. Bolatoki berriaren bultzatzaile izan den Agustin Garcia da klubaren lehendakaria.

Igandekoaren ondoren, maiatzaren 28an hitzordu garrantzitsua hartuko du Garmendipeko bolatokiak: Gipuzkoako Txapelketaren finala.

Erabilpenerako araudia

Garcia eta klubeko beste zenbait kidek, Julian Kortajarena eta Mikel Ibarzabal zinegotziek eta Udaleko teknikari Joxe Mari Arregik hartu zuten parte txapelketaren aurkezpenean.

Atzoko agerraldian Udalak bolatokia erabiltzeko prestatu duen araudia ere aurkeztu zuten. Bolatokia publikoa da eta, beraz, nahi duten herritarrek erabili ahal izango dute instalazioa, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 18:00etara. Giltzak Udal Kiroldegian eskatu beharko dituzte. 18:00etatik 20:00etara, berriz, Garmendipe klubeko kide federatuen erabilpenerako geldituko da bolatokia. Denborarekin, bolo klubak herritarrei ikastaroak eskaintzea da Udalaren asmoa, instalazioari etekina ateratzeko.

Garai batean sokatira taldeek Garmendipeko futbol zelaiaren ondoan erabiltzen zuten tokian egin dute bolatokia. Sarrera anexotik du, ez Garmendipe barrutik. Bolatokia egokitzeko lanen aurrekontua 38.000 eurokoa izan da.

Bidali:  

Erantzunak

airratzu | 2011-04-15 : 13:04

Jode, bolo batzuk jartzen 6 kilo pasa... gero krisiye omen zeok!!
No Coment!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu