Miren de Miguel: "Margo guztiek bertutetsu izateri eta bekatuari buruz hitz egiten dute"

Urola Kostako Hitza 2011ko api. 8a, 18:04
Soledadeko kaperaren hegoaldeko pareta. (MIREN DE MIGUEL)

Soledadeko Kaperan oinarritu du bere tesia errenteriarrak

XVI. mendeko lan garrantzitsuari buruzko hitzaldia eskainiko du bihar, 12:00etan, kaperan bertan

Miren de Miguel (Errenteria, 1978) irakaslea da, eta Soledadeko Kaperako margoetan oinarritu du tesia. Bihar larunbata, 12:00etatik aurrera, hitzaldia eskainiko du kaperan bertan. Batez ere, hegoaldeko hormako grisaileko margoen inguruan ariko da. Hitzaldia entzutera joaten direnek kapera "beste begi batzuekin" ikusiko dutela dio De Miguelek. "Bere kasa sartzen denak ikusiko du, bai, polita dela. Baina gainera jakinez gero horrek guztiak zer esan nahi duen, askoz garrantzia handiagoa emango zaio hemen dugun altxorrari".

Zein da Soledadeko kaperaren historia?

.XVI. mendeko kapera bat da. Nicolas Saez de Elola azpeitiarrak dirua eman zuen orube hori erosi eta kapera egiteko. Gizon hura Perura joan zen Francisco Pizarroren kapitain gisa. Herrira itzuli zenean, dirutza izugarria zuenez, horrelako kapera handi bat eraiki ahal izan zuen. Garaiari dagokion bezala, kapera osoa Errenazimentukoa da, bai arkitekturari, bai eskulturari eta bai pinturari dagokionean. Nik uste dut horrek egiten duela garrantzitsu. Ari dira gauzak ateratzen, baina Euskal Herrian horrelako gauza handi bat, dena garai berekoa duena, topatzea ez da batere erraza. Hemen ez dago Errenazimenduko obra handirik.

Kaperan sartu eta zer ikus dezake bisitariak?

Hara sartuta arkitektura eta eskultura deigarri egiten dira, baina, batez ere, pintura. Tamaina bereko lau beso ditu plantak. Elizatik sartuz gero, aurrean topatzen dugun pareta ia hutsa dago. Garai batean erretaula zegoen baina galdu egin zen eta, beraz, pareta hori eraiki zutenetik asko aldatuta dago. Haren ezkerretara Saez de Elolaren mausoleoa dago. Haren eskultura bat dago, gainera, ezpatarekin militar moduan irudikatua. Eta gainean, margo batean, hura agertzen da zaldi gainean, garaipen eszena batean. Margoari dagokionez, ikusgarriena eskuineko pareta da. Hitzaldian ere horri eskainiko diot denbora gehien. Izan ere, horren inguruan ikertu dut. Horma horretan Bibliako atalak daude irudikatuta. Miguel Angelen marrazki batean oinarrituta dago.

Arlo askotatik da berezia Soledadeko Kapera, ezta?

Bai. Sakristia ere badauka, eta horrek ere berezi egiten du. Izan ere, elizan dauden beste kaperek ez daukate ez tamaina hau, ezta sakristia edo organu propioa ere. Sakristia barruko lau paretak ere guztiz margotuta daude. Alde batean hirutasunari buruzko lerro batzuk idatzita daude. Beste pareta batean hirutasuna irudikatuta dago. Bestean aingeru hiltzailea agertzen da. Jainkoak Adan eta Eva paradisutik bota zituenean, aingeru hori jarri zuen paradisuko ateak zaintzen, inor ez sartzeko. Eta horixe dago irudikatuta. Eta beste eszena batean, Adan eta Eva lurra lantzen ikus daitezke, sagarra jan izanagatik zigortuta. Jainkoak esan zien izerdiarekin atera beharko zutela bizimodua, Evak minez erditu beharko zuela, eta abar. Eta hori guztia dago irudikatuta.

Zein da irudi horien guztien atzean dagoen mezua? Nola interpreta daitezke margo horiek?

Nik uste dut Elolak zera erakutsi nahi izan zuela honekin: zeinen garrantzitsua zen, bere ustez, modu bertutetsuan bizitzea, gero azken epaiketa gainditu ahal izateko, eta arima berpiz zedin. Hori da, nire ustez, mezu gorena. Margo guztiek bekatuari eta bertutetsu izateari buruz hitz egiten dute. Nik uste dut Elola Perun izan zenean, astakeria dezente egingo zituela, eta obra honekin egin nahi zion aurre horrek eragiten zion errudun sentimentuari. Nahiz eta berak ez bete, hori zen berak utzi nahi zuen mezua. Azken finean, dirua zuen. Banketxeen gaur egungo gizarte ekintza planekin aldera liteke hark egina.