Kirol Patronatuko zerbitzu berriak, prest

Uztarria.eus 2011ko api. 7a, 14:04
Igerilekuko gimnasioan makina berriak jarri dituzte.

Kirol materiala erosi eta gimnasiorako makina berriak jarri dituzte

BBXport enpresak irabazi zuen Udal Kirol Patronatuko zerbitzuen lehiaketa

BBXport enpresari eman zioten joan den urtean Udal Kirol Patronatuko kirol zerbitzuak emateko ardura. BBXport enpresako Xabier Murielek esan duenez, orduz geroztik, kirol material berria-eta erosten ibili dira: "Kirol materialean inbertitu behar izan dugu, lehen kudeaketaz arduratzen zen enpresarenak baitziren orain artean egon diren tresna eta materialak". Gainera, "gimnasioako makineria zaharkituta" zegoela eta, orain, "adin guztietako emakume zein gizonentzat egokitu" dutela gimnasioa adierazi du Murielek. Lehenago prest egon ez izanaren arrazoia makinek iristerakoan izan dituzten atzerapenak izan direla ere esan du.

Garikoitz Barrio BBXport enpresak Azpeitian duen koordinatzaileak jakinarazi duenez, "orain artean zeuden ekintzak mantendu egin ditugu". Baina, aurrera begira, spinning nahiz pilatesen-eta, ordu gehiago jarri nahi dituztela adierazi du. Aurrera begira, ikastaro berriak jartzea ere pentsatzen ari dira, eta datorren urterako ere eskaintza zabalagoa jarri nahi dute.

Asteotan ikastaroen berri ematen duten eskuorriak banatuko dituzte etxez etxe.