Gaztelaniaz ere badakit

Xabier Euzkitze (Noticias de Gipuzkoa) | Iritzia
2011ko mar. 27a, 14:03

Sorginen Laratzeko garai ganberroetan, beste hainbat gauzaren artean, kantatu ere maiz egiten nuen. Estitxu Fernandez eta Anabel Arraitzarekin batzuetan, Miren Fernandezekin gehienetan, bakarrik ere inoiz bai. Euskal kantak izaten ziren askotan, baina denetarik eskaintzen saiatzen ginen. Inor ez zen asaldatu, esate baterako, Elvis Presley handiaren Love me, tender kanta ederra abestu nuenean. Halako batean, Joaquín Sabinaren Contigo kantatu nuen. Akabo. Zenbaiti oinpera erori zitzaion Euzkitze bertsolariaz zuen irudia. Mail bat baino gehiago iritsi zitzaizkidan, emakume mindu baten gutun bat ere bai, komentarioak zientoka. Egun gutxi barru esku-pilotaren aktualitateari buruzko eztabaida-saio bat egingo dute ETB SATen, gaztelaniaz. Kiroletako buruetako batek normalena saioa nik zuzentzea litzatekeela aipatu zuenean, ene betiko lankide batek harriduraz erantzun zion: Xabierrek ez du erderaz halako lanik onartuko.

Klaudio Landa adiskidea arduratzen da orain ETB2ko arratsaldeko magazinea gidatzeaz. Lehengo ostegunean neu gonbidatu ninduten, elkarrizketa bat egin ziezadaten. Denboraz urri samar geratu zirelako, prestaturik zituzten hainbat gauza sartu gabe geratu ziren eta, bai, jolas arin samar batean geratu zen azkenean. Baina oraingoan ere ni gaztelaniaz agertu izanagatik entzun izan behar izan ditut hainbat komentario: kalean, sare sozialetan. Oraintxe nazkatu nau kontu honek. Euskalduna naiz, euskaraz bizi naiz eta euskararen aldeko hainbat hautu txiki egiten ditut eguneroko bizimoduan. Aparkalekuetako kutxazainetan "euskara" hautatzen dut eta hizkuntza horretan uzten hurrengo datorrenarentzat ere. Kalitate bertsuko produktuak eskaintzen dituzten bi dendariren artean aukeratu behar badut, euskaraz dakienarengana joango naiz. Eta horrelako mila xehetasun txiki eta ez hain hutsal. Baina, dedio! Ez naiz uharte batean bizi, erdaraz ere badakit, eta ez diot neure buruari giza-harremanetarako edo aukera profesionaletarako aukerarik itxiko. Ez naiz elebakarra, eta ez dut izan nahi. Errekoño!

Bidali:  

Erantzunak

Jonmi | 2011-03-28 : 18:03

Niri oso ondo iruitzen zaidak pilotari buruz ETB-n egingo den programa hori erdaraz egiten baduzue. Nik uste diat egokiena dela, gaur egun pilota guztiz erdaldundua bait zegok. Jadanik ez diat telebista pizten bi pelotari haundi izandakoren seme erdaldunak pilotari nola ematen dioten ikusteko. Goragalea ematen zidak horien aitak euskaldun zaharrak direla pentsatzeak bakarrik. Orain berriz, Tontin III-ak PP-ko zinegotzi izateko aurkeztu behar omen dik bere burua. Ez dek ez inozoa gizona, bere kirolari garaia amaitzear dagoen honetan, bizi guztirako soldata on bat bermatuko dik, alajaina! Santurtxiko soinujolearen alderdi berdinean. Euskal Herria existitzen dela ukatzen dutenen aldamenean. ETB-k berritze bat behar dik, goitik behera. Ea abertzaleok ados jartzen garen behingoz, emaitza oso onak lortzen ditugun hauteskundeetan eta gure irrati telebistaren kontrola hartzen dugun berriro, egoera hau jasangaitza egiten bait zaidak. Bukatzeko Gotzon Garate zenaren idatzi bat jarri nahi dizuet, benetan aparta Gotzon:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/11617...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu