Marka guztiak hautsita

Uztarria.eus 2011ko mar. 27a, 20:03

Mahboobek (29:37) eta Kusurok (29:42) ondu dute Haroren marka zaharra, eta Aimar Irigoienek 43 aldiz altxatu du bost minutuan 125 kiloko zilindroa

Azkoitiak Azpeitia gainditu du trindoor proban

Aimar Irigoien atleta afrikarrak besoetan hartuta, atleta afrikarrak Irigoien altxatzen, Leon Albeniz Iruntxiberri kaleko oinetako eta jantziekin zezen-plazan korrika... eta, nola ez, kirol markak nola hausten diren. Hori guztia eta gehiago ikusi ahal izan dute gaur, igandea, Azpeitiko zezen-plazan elkartu direnek. Mahboobek (29:37) eta Kusurok (29:42) ondu dute Haroren marka zaharra, eta Aimar Irigoienek 43 aldiz altxatu du bost minutuan 125 kiloko zilindroa.

Harmailetan mila lagun inguru, giro polita sortu da, eta Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko antolatzaileek jarritako jaialdian parte hartu duten kirolari guztiek maila bikaina erakutsi dute.

Harorena hirugarren onena, orain

Hassan Mahboobek eta Geofrey Kusurok, biek hautsi dute Mariano Harok 1977an Tolosako zezen-plazan 10 kilometrotan jarritako marka. Lasterketaren erdia pasatuta ere zalantza dezente zegoen gaur; Mahboob beti Kusuroren aurretik, baina bietako inor ez zen iristen aurreneko partzialetan Harok egindako marketara. Zazpigarren kilometrotik aurrera hasi dira kontuak argitzen. Partzial horretan, Mahboob Haroren denboratik bi segundura jarri da. Zortzigarren kilometroan espainiarraren marka berdindu, eta azken bi kilometroetan goitik ibili da nabarmen, 29 minutu eta 37 segunduko marka berria ezarri arte.

Hamabost segundutan hobetu du Bahraingo keniarrak Haroren denbora mitikoa (29:52). Eta, Mahbooben itzalean, baina Kusurok ere atzean utzi du Haroren marka, 29 minutu eta 42 segundurekin.

Pozik ziren bi afrikarrak eta, hain pozik ez zegoela esan arren, Mariano Haro ere irribarretsu, Iruntxiberri koinatuaren aldamenean, 34 urteko marka nola kendu dioten zuzenean ikusiz. Orain, bere marka hirugarren onena da.

Irigoienen erakustaldia

Afrikarrek Mariano Harorena hautsi aurretik egin du bere marka Aimar Irigoien errezildar harrijasotzaileak. Jose Antonio Gisasola Zelai-k orain dela 26 urte ezarritako marka bat hartuta zeukan begitan Irigoienek gaurko saiorako. 125 kiloko zilindro zaharrari 42 altxaldi baino gehiago ematea zen erronka, bost minutuko saio bakar batean. Eta, beste hainbatetan bezala, ez du hutsik egin. Azkenean, 43 aldiz igo du harria sorbaldara Errezilgoak, jendearen txalo artean.

Trindoorra Azkoitiarentzat

Euskadi Irratiaren Hiru Erregeen Mahaia saiotik hartutako trindoor probarekin hasi da jaialdia. Azpeitia eta Azkoitia aurrez aurre ergometroan, bizikleta estatikoan eta korrika. Eta, irratsaioko aurreko bi aldietan ez bezala, gaur Azkoitiak Azpeitia gainditu du trindoor proban. Azkoitiko Jon Unanuek Igor Sagardogiri ergometroan atera dion abantailari buelta eman dio bizikletan Unai Iparragirre Txipa-k, Jon Garate baino denbora hobea eginda. Horrela, Xabat Manzisidorrek aurretik ekin dio zezen-plazaren bueltako lasterketa saioari, baina Joseba Agirre azkoitiarrak gainditu egin du Azpeitikoa.