Iazko parte-hartzaile kopuru bera espero dute Azkoitia Azpeitia Maratoi Erdian

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 25a, 19:03

Bihar 16:30ean abiatuko da proba, eta ibilbidean egindako hainbat aldaketari esker proba azkarra izatea espero da

Lasterketak iraun bitartean hainbat aldaketa egongo da ibilbidean dauden autobus geltokietan

Xeye Atletismo Taldekoek dena prest dute bihar jokatuko den Azkoitia Azpeitia Maratoi Erdirako. Martxoaren 31n hamar urte beteko dira Diego Garcia atleta azkoitiarra hil zenetik, eta ordutik martxoaren azken larunbatean kirol herrikoia eta elitezkoa uztartzen dituen lasterketak festa giroa zabaltzen du bi herrietako kaleetan.

Urtero moduan, Diego Garciaren familiak jasoko du 1 zenbakidun dortsala, eta haren oroimenez minutu bateko isilunea gordeko da Azkoitiko irteeran, 16:15ean. Segidan, 16:30ean hasiko da lasterketa.

Atzo gauean amaitu zen izena emateko epea, eta antolatzaileen esanetan, aurreko urtean bezalaxe, 1.300 parte-hartzaile inguru izango ditu aurtengo probak. Lasterketa egunean ez da egongo izena emateko aukerarik. Txipak dortsalekin batera banatuko dituzte irteera ondoan (Julio Urkijo kalean), eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Arropa jasotzeko zerbitzua egongo da helmuga ondoan. Txipa bueltatuz eta dorsala erakutsiz gero, parte-hartzaileek elastiko tekniko bana jasoko dute. Gainera, izena emandakoen artean hainbat opari zozkatuko dute.

Zirkuituari begirada

Gaur arratsaldean XEYE atletismo taldekoek zirkuitua erautsi diete Keniatik eta Etiopiatik etorritako lasterkariei, tartean Mark Kiptoo, iaz bigarren egin zuena eta bigarren urtez jarraian parte hartuko duen keniarra. Ondoren, Loiolan dagoen Diego Garciaren eskultura ikusten izan dira eta basilika inguruak erakutsi dizkiete bertakoek.

Erakusketa Torre Zurin

Diego Garciaren heriotzaren 10. urtemuga denez, hark lortu zituen sariak eta trofeoak ikusgai egongo dira gaurtik igandea bitartean, Torre Zuri erakustokian, honako ordutegiarekin: gaur, 18:00etatik 20:00etara, eta bihar eta etzi, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Autobus geltokien aldaketak

Lasterketak iraun bitartean ibilbidean dauden autobus geltokietan hainbat aldaketa egingo dute. Azpeitian, anbulatorio aurreko geltokia ez da erabiliko 15:00etatik 19:00etara. Julian Elorza kalekoa eta Tren Museo ondokoa ere halaxe egongo dira, eta autobusak sahiesbidean geldituko dira, hau da, Tren Museoaren oinezko zubiaren aurrean. Igerilekuko geltokia suhiltzaileen parke aurrera aldatuko dute. Azkenik, Loiolako geltokia trenaren estazio zaharraren aurrera aldatuko dute. Bestalde, Loiolako Hiribidea 15:00etan itxiko dute, eta bide alternatiboa zabalduko dute, 19:00ak bitartean.

Hiru baja garrantzitsu

XEYE atletismo taldeak adierazi duenez, maratoi erdian espero zituzten hiru lasterkarik ez dute azkenean parte hartuko. Gideon Lekumok, Peter Muriuki eta Doris Changeywo keniarrak dira horiek; adierazi dutenez atzoko egun guztia Nairobiko aireportuan pasa ondoren, ez zuten lortu Europara ekartzeko hegazkinik hartzea.