Tunelitis

Miren Garmendia (Azpeitiko Aralar komitea) 2011ko mar. 25a, 19:03

Orain gutxi aurkeztu da herrian bariantearen trazatu berria. Bi hitzetan esanda lau kilometrotan, zazpi tunel eta lau zubi. Guztira 66 miloi euro. Astebete beranduago kaleratzen da autobus zerbitzua areagotzen dela Donostiara eta Zumarragara, Azpeiti-Azkoitikoan era tajuz handitzen da maiztasuna. Zein ondo pentsatuko dugu gehienok. Bai, ze ondo. Baina aurrekari bezala kontutan izan badirela hamarkada batzuk Urola trena kendu zutenela, eta orain ikerketa osatu behar dutela hau berreskuratzea bidezkoa litzateen hala ez.

Hausnarketa egiteko garaian, honako hau datorkit burura: 14 mila kotxetik gora ibiltzen direla bi herri hauen artean. Seguru baietz. Kotxearekiko kultura hezurretaraino sartuta daukagu. Eta neurri batean egia da kanpoan lan eginez gero ezinbestekoa dela kotxea hartzea. Beraz, gauza batek bestera darama, eta gu erdi erdian.

Gelditzen zaiguna hauxe da, kondenatuta gaude gure esparru honetan lasai ibiltzera, erraztasun denak izango ditugu, bide elegante bat, herritik pasatzen ez dena, eta herritarrak hau erabiltzeko Landetara bideratuko direnak... bestela nola erabiliko da. Hori bai, herria zeharkatzeko primerakoa izango dena. Ez da pentsatu 14 mila kotxe horietatik zati oso handi bat herri batetik bestera lanera edo erosketak egitera mugitzen dela, eta egun baten buelta bat baino gehiago egiten dela.

Autobusen maiztasuna oso ondo, baina berriro ere gure esparrutik kanpo eskas; dena den alde handia dago lehengoaren eta etorriko denaren artean (proposamen hauek aurreko Azpeitiko gobernuan negoziatu ziren eta orain, bi urte beranduago, ateratzen dira). Baina beste irtenbiderik ez dugu, Kotxea hartu eta kanpoan lan egiten duen edonorentzat. Eta azken garaian Debagaraira jende asko mugitzen da, MU-re, kooperatiben elkargora, e.a. Eta horrelako lekuetarako aurreikuspenik ez.

Eta azkenik, trena kendu bazen kendu zen, eta orain berreskuratzea ondo ikusten da, merkantzientzako bakarrik, pertsonak garraiatzeko ez da egokia ikusten. Egingo den ikerketa horren erantzuna ez da zaila izango, goian ikusi ditugun horiek ikusita. Beharrik ere ez, nola besteari lehentasuna eman diogun... Galderak hor daude; eta erantzunak, denborak erakutsiko digu, zertan bideratzen den guzti hau.

Lehen esan bezala, 66 miloi euro gastatuko ditugu denon poltsikotik azpiegiturak hobetzen, inguruan ere inpakto gehiago egingo dugu bederatzi tunel dituelako eta 4 zubi, garbia eta ekologikoa... Ba nik dirutza horren erdiarekin, kiroldegi handi bat egingo nuke, lurrazpiko aparkalekua, industrialdea, eta herriko erdigunean hainbat azpiegitura, eta diru hori hobeto gastatuta dagoela irudituko litzaidake.