'Bidaiatuz' ekimena jarri du martxan Gazte Informazio Bulegoak

Uztarria.eus | Aisia
2011ko mar. 25a, 12:03

Ekimenaren helburua herriko gazteek munduko txoko desberdinetan izandako esperientziak elkartrukatzea da

Lehenengo hitzaldia datorren ostegunean izango da eta Maialen Galarragak eta Imanol Sesmak Australiara egindako bidaiaz hitz egingo dute

Maialen Galarrak eta Imanol Sesmak eskainiko duten hitzaldia iragartzen duen kartela. (Gazte Informazio Bulegoa)  Argazki originala

Azpeitiko Gazte Informazio Bulegoak Bidaiatuz ekimena jarri du abian. Ekimen horren helburua herriko gazteek munduko txoko desberdinetan izandako esperientziak elkartrukatzea da. Horretarako, ikasturtean zehar bidaia desberdinen inguruko hitzaldiak antolatuko dituzte. Modu horretan, hizlariek bidaia desberdinen inguruko azalpen zein gomendioak emango dituzte eta, ondoren, entzuleek galderak egiteko aukera izango dute.

Lehenengo hitzaldia datorren ostegunean, hilak 31, izango da, 19:00etan hasita, Sindikatu Zaharrean. Maialen Galarraga eta Imanol Sesmak Australiara egindako bidaiaz hitz egingo dute.

Gazte Informazio Bulegokoek "herriko gazte guztiei dei egiten diegu beraien esperientziak kontatzera animatu daitezen", esan dute. Norbaitek interesik balu, Gazte Informazio Bulegora joan, gib@azpeitia.net helbidera idatzi edo 943 15 71 60 telefonora deitu besterik ez du.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu