Diagnosia, auzolana eta mus txapelketa asteburuan, Gaztetxeak antolatuta

Uztarria.eus 2011ko mar. 25a, 12:03

Ekologismoaren inguruko solasaldia egingo dute gaur, 20:00etan hasita, gaztetxean

Bihar, zapatua, auzolana egingo dute goizean eta, arratsaldean, mus txapelketa

Orain dela bost urte egin zuten gisan, Azpeitiko Gaztetxea gazteei zuzenean zein zeharka eragiten dieten gai desberdinen inguruko hainbat hitzaldi eta solasaldi antolatzen hasi da. Behin hitzaldiak-eta eginda, diagnosia aterako dute. Gaur, ostirala, ekologismoa izango dute hizpide, 20:00etatik aurrera, gaztetxean bertan. Alkatea eta zinegotziak gonbidatu dituzte solasaldira eta "deialdia irekia" dela eta "nahi duen guztia" joan daitekeela adierazi dute antolatzaileek.

Beti ere ikuspegi ekologikotik begiratuta, egun martxan dauden proiektuez, auto eta garraio publikoez, kutxaduraz, zabor bilketaz... hitz egingo dute besteak beste.

Auzolana eta mus txapelketa

Bihar, zapatua, 10:00etan hasita, auzolana egingo dute gaztetxean. Behin txukunketa lanak bukatuta, bertan bazkalduko dute. Arratsaldean, berriz, mus txapelketa egingo dute; koadrilen arteko 3. txapelketa izango da. Segidan, afaria eta txotxa izango dira.

Joan den urtarrilean hasi zen koadrilen arteko kirol eta joko txapelketa eta 22 koadrilek hartu zuten parte pala txapelketan. Otsailean, bigarren saioa egin zuten eta 3x3 saskibaloi partidak jokatu zituzten. Hirugarrena izango da biharkoa, eta mus txapelketa egingo dute, gaztetxean.