Derbi garrantzitsua jokatuko du bihar, ostirala, Lan Mobel Iraurgik

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 24a, 17:03
Zaleen babesa "orain inoiz baino gehiago" behar du taldeak. (OLATZ PRAT)

Herriko kiroldegian izango da, Santurtziren aurka, 21:00etatik aurrera

Partida animatzeko sarrerak oparituko dizkiete ISB eta Zurt tabernetako bezeroei

Lan Mobel ISBk denboraldi osoko partidarik garrantzitsuena jokatuko du bihar, ostirala, 21:00etatik aurrera, Santurtziren aurka Azpeitiko Kiroldegian izango den euskal derbian.

Lau partida besterik ez dira gelditzen Zilarrezko LEB Liga amaitzeko, eta bihar aurrez aurre egongo diren bi taldeak azken postuan berdinduta daude; biek, beraz, ezinbestekoa dute partida irabaztea egungo mailan mantentzeko ahaleginean.

Lan Mobeleko entrenatzaile Jon Txakartegik adierazi duenez, partida honetako gakoetako bat "antsietatea eta urduritasuna kontrolatzea izango da, partidaren lehen minutuetan batez ere". Jokoari dagokionez, "errebotea kontrolatzea eta partida osoan zehar erritmoa mantentzea" ere garrantzitsuak dira teknikoarentzat.

Zaleen babesa, beharrezkoa

Ligaren azken txanpa honetan inoiz baino gehiago behar du taldeak zaleen babesa eta laguntza. Txakartegik dioen moduan, "ezin zaie askoz gehiago eskatu partida guztietan babesa erakutsi duten zaleei"; hala ere, taldeak ahalegin berezia egin nahi du bihar kiroldegian animo oihuak inoiz baino gehiago eta ozenagoak izan daitezen.

Horregatik, Iraurgi Saski Baloi elkarteak Azpeitiko ISB eta Azkoitiko Zurt tabernetan kontsumizio bat hartzen duen heldu bakoitzari sarrera bana oparitzea erabaki du. "Behar zaituztegu", diote elkarteko kideek denboraldiko unerik garrantzitsuenean.