Kilometroen baitan, mahai-inguruak antolatu dituzte

Uztarria.eus 2011ko mar. 24a, 18:03
Azpeitiko Ikastola Ikasberriko kideak eta Kilometroak 2011ko kideak mahai-inguruen aurkezpena egin dute gaur, osteguna.

Datorren asteartean, asteazkenean eta ostegunean izango dira, 19:00etan hasita, Sanagustinen

Solasaldietan teknologiaz eta sareaz, herri mugimenduaz eta Azpeitiko euskaraz jardungo dute hainbat aditu eta herritarrek

Kilometroak 2011 Azpeitian izango direnez, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik mahai-inguruak antolatu ditu datorren asterako. Herriak euskaraz: klik! lelopean egingo dituzte solasaldiak, martxoaren 29an, 30ean eta 31n, hau da, datorren astearte, asteazken eta ostegunean. Sanagustinen izango dira hirurak, 19:00etan hasita.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik hiru helbutu lortu nahi ditu mahai-inguruekin: Ikastola komunitatea, eskualdeko eta Euskal Herriko herritarrak auzolanean jartzea, kolore askotariko ikastola baten alde, guztien arteko kooperazioa indartzea eta Ikastolak beste urrats bat ematea, gaurkotuz, berrituz eta hedatuz.

Lehenengo hitzaldia asteartean izango da eta Teknologia eta sarea: euskara, gazteak eta hezkuntza izango dute hizpide. Sare sozialez, bideo jokoez eta, oro har, teknologiaz hitz egingo dute Iratxe Esnaolak (Deustuko Unibertsitateko informatika ingeniaria), Josu Azpillagak (CodeSyntaseko ingeniaria), Joxi Imazek (Euskal Herriko Unibertsitateko soziologoa) eta Oihan Odriozolak (Ikastolen Elkarteko informatika ingeniaria). Kalaka moderatzeko ardura GarbiƱe Bereziartua Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariak izango du.

Asteazkenean Herri mugimenduak: gaurko egoera eta etor daitekeena izenburupean egingo dute mahai-ingurua. Eredu parte hartzaileaz eta berritzaileaz, zein etorkizuna bideratu ahal izateko erabaki eskumena duen ereduaz jardungo dute. Enekoitz Esnaola (Uztarria Kultur Koordinadoraren sortzaileetakoa), Hur Gorostiaga (Iparraldeko Ikastolak-Sehaskaren zuzendaria), Karmele Artetxe (Udako Euskal Unibertsitateko Lehendakaria) eta Mertxe Mujika (AEK-ko Koordinatzaile Nagusia) izango dira hizlariak. Moderatzailea, berriz, Iban Arregi (Berriako kazetaria) izango da.

Hirugarren eta azken saioa, asteazkenean izango da. Bertan, Azpeitiko euskara. Nondik gatoz, nora goaz izenburupean, herriko euskararen bereizgarriaz eta azpeitiarren identitateaz hitz egingo dute. Lau hizlariak azpeitiarrak izango dira: Estitxu Elduaien (Berriako kazetaria), Imanol Lazkano (Bertsolaria), Jokin Uranga (Bertsolaria) eta Pako Aristi (Idazlea). Solasaldia moderatzen Amaia Mendizabal (Elhuyar Aholkularitzako kidea) ariko da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "mahai-inguruak herritar guztiei eta bailaran gai horien inguruan hausnartzen zein lanean ari den eragile zein norbanako orori irekiak daude". Horrenbestez, Kilometroak 2011ko arduradunek "herritarren hausnarketa eta komunikazioa sustatu" nahi dituzte mahai-inguru horiekin.

Gaiaren inguruko informazioa-edo behar izanez gero, Azpeitiko Ikastola Ikasberrira deitu (943 15 12 46) edo ikasberri@ikastola.net idatzi behar dela adierazi dute arduradunek.