Alexander Silva: "Herrian neuk egindako ikus-entzunezko bat ikusteko aukera izatea harro egotekoa da"

Uztarria.eus 2011ko mar. 23a, 11:03
Ekaitz Herrera, Iker Ugalde eta Alexander Silva,

Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko ikasketak egiten ari diren hiru ikaslek, Korrikaren baitan, Euskaltzaindiaren omenezko dokumentala egin dute; tartean da Alex Silva azpeitiarra

Apirilaren 8an, ostirala, emango dute dokumentala Sanagustinen, 22:00etan hasita

Badator Korrika 17. Badator euskararen aldeko lasterketa. Badator Euskal Herria zeharkatuko duen ibilaldia. Aurtengoan, Euskaltzaindia omentzea erabaki du Korrikak eta datorren ostiralean, hilak 25, egingo dute ekitaldia, 19:00etan hasita, Donostiako Kursaalean.

Euskaltzaindiak euskararen erabileraren eta iraupenaren alde egindako lana aitortzeko antolatu dute ekitaldia, eta ekitaldi horretan Zenbait gazte ausart dokumentala emango dute. Dokumentala Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko ikasketak egiten ari diren hiru ikaslek egin dute: Iker Ugaldek, Ekaitz Herrerak eta Alexander Silvak.

Alexander Silva azpeitiarra da eta berarekin hitz egin du Uztarria.com-ek:

Zer dela-eta egin duzue zuek dokumentala?

Irailean unibertsitatetik deitu ziguten, AEKren eskaeraren berri emanez. Karrera Amaierako Proiektua (KAP) balitz bezala, dokumentala egingo al genuen galdetu ziguten. Guri, garrantzitsua eta, aldi berean, interesgarria iruditu zitzaigun eta baiezkoa eman genion eskaintzari. KAPa hazkunde pertsonal eta akademikorako izaten da normalean eta, kasu horretan, hazkunde publiko eta praktikorako balio izan digu.

Zergatik jarri diozue Zenbait gazte ausart izenburua?

Euskaltzaindiak izan duen balorea behin eta berriro agertzen da ikus-entzunezkoan. Fikziozko uneetan eta elkarrizketetan Euskaltzaindiko kideek gazte zirela izandako ausardia azpimarratzen da. Proiektuari eusteko izan zuten ausardia aipatzen da. Nolabait euskaltzainek, edadea izan arren, gazteen moduan lan egiten dutela ikusten da. 20 urterekin egiten zuten moduan egiten dute lan euskararen alde. Gaztetasuna hor dago, nahiz eta zahar itxura duen gauza dirudien.

Zeuek ere proiektu potolo bat hartzera ausartu zareten gazteak zarete?

Bai, hala da. Erronka handia izan da. Sortzaile izatea garrantzitsua da ikus-entzunezko ikasketetan, eta proiektuei modu sortzailean erantzutea erronka handia da.

Zer suposatu dizu proiektu hau egiteak? Ateak ireki dizkizula uste al duzu?

Orain, igoal, ez. Aurrera begira, berriz, baietz uste dut. Euskal gizartean sona handia dute AEKk, Korrikak eta Euskaltzaindiak eta horien inguruan antolatzen diren ekimenek ere bai. Bestalde, 30etik gora elkarrizketa egin ditugu eta horrek ere eman ditzake bere fruituak. Gure izena zabaltzeko, behintzat, balioko digu.

Euskaltzaindia eta AEK bezalako erakunde ezagunekin lan egitean, presioa sentitu al duzu?

Ez, erakundeen aldetik jasotako presiorik ez behintzat. Erakunde ezagunak dira eta mailara iristeko gaitasunik izango ote genuen pentsatzeak presionatu gaitu. Orain arteko lanak ekoiztetxeetako profesionalek egin dituzte, eta gu ikasleak gara. Guk geure buruari jarri diogun presioa besterik ez dut sumatu.

Fikzioa eta errealitatea biak ikusten dira dokumentalean. Lan handia izan al da uztartzea?

Ez, fikzioak erraztasunak eman dizkigu errealitatearen blokeak lotzerakoan. Dokumentalak bost zati ditu eta bloke horiek lotzen fikzioak lagundu digu. Berezia da, baina airea eman dio fikzioak dokumentalari.

Zer ikusten da dokumentalean?

Euskaltzaindiaren historia, egungo ibilbidea eta etorkizunerako dituen erronkak agertzen dira lanean. Modu erakargarrian erakutsi nahi genuen eta, horretarako, Olaia Juaristi azkoitiar ikasleak fikziozko papera bete du.

Unibertsitateko ikerketa lan bat egiten hasten den gaztearen papera egiten du Juaristik. Lanean hastearekin bat, Euskaltzaindiaren historiak harrapatzen du gaztea... eta hor hasten da istorioa. Horrekin, ikuslea harrapatu nahi izan dugu, ikuslea identifikatuta sentitzea nahi izan dugu. Horretarako, gainera, euskal gizarteko aurpegi ezagunak erabili ditugu.

Azpeitian ere eskainiko dute dokumentala. Pozgarria, ezta?

Bai, apirilaren 8an, ostirala, izango da. Sanagustinen emango dute, 22:00etatik aurrera. Arrakasta izatea, jendea bertaratzea eta horiei gustatzea nahiko nuke. Neu azpeitiarra izanda, herrian neuk egindako ikus-entzunezko bat ikusteko aukera izatea harro egotekoa da. Beste batzuen erabakiz ikusteko aukera izatea izugarria delakoan nago. Eskertzekoa da, beraz, horrelako proiektuei garrantzia ematea.

Egindakoarekin gustura gelditu zara, beraz.

Emaitzarekin gustura nago, erronka handia izan den arren. Euskara eta Euskaltzaindia modu erakargarrian erakusteko eskatu ziguten. Jendeak zaharkituta dagoen zerbait dela uste badu ere, modu politean erakustea lortu dugulakoan nago. Gustura gaude.

Dokumentalaren spota ikusteko egin klik hemen .