Mahboob eta Kusuro, zezen-plazan

Uztarria.eus 2011ko mar. 22a, 20:03
Mahboob (aurrean) eta Kusuro zezen-plazan korrika, igandekoa prestatzen hasteko.

Igandean Mariano Haroren marka hausten ahaleginduko dira biak

Aurreneko aprobak egin dituzte gaur, asteartea

Hassan Mahboob eta Geofrey Kusurok gaur arratsaldean ezagutu dute Azpeitiko zezen-plaza. Igandean Mariano Haroren marka hausten ahaleginduko dira biak, larunbateko maratoi erdia osatzeko antolatzaileek prestatu duten jaialdiaren barruan.

Igandean Munduko Kros Txapelketan parte hartu ondoren -Mahboob 9. tokian sailkatu zen, eta 13. egin zuen Kusurok-, atzo iritsi ziren Azpeitira bi atletak. Zezen-plaza bat zer zenaren berri jakin bazekiten, baina gaur arte ez dute bat barrutik ezagutu eta, are gutxiago, bertan korrika egin.

Plaza aurreko astetik prestatuta zegoen korrika-lanetarako eta, argazkilari eta telebista kameren aurrean jaialdiaren kartelarekin jarri ondoren, igandean protagonista izango diren bi lasterkariek takodun zapatillak jantzi dituzte. Berotzeko itzuli batzuk egin ondoren, hamar itzuli egin dituzte serio; kilometro bat, plazaren perimetroa ehun metrokoa dela kontuan hartuta.

Mariano Harok 29 minutu eta 52 segundutan hamar kilometro egin zituen Tolosan 1977an, orain hautsi nahi duten marka ezarriz; Harok sei hilabete eman zituen proba hura prestatzen, Palentziako zezen-plazan. 1991n, Azpeitian, segundu bakar batera gelditu zen Ezekiel Bitok; nigeriarra bi aste lehenagotik etorri zen Azpeitira, zezen-plazan entrenatu ahal izateko. Mahboobek eta Kusurok egun batzuk besterik ez dituzte izango prestaketarako. Baina, gaur plazan elkartu diren antolatzaile eta adituen arabera, "itxura ona" hartzen zaie.