Manuela Segurola: "Kalean harrapatu ninduen, ezin genuen ibili ere egin"

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 22a, 18:03
Manuela Segurola, Urrestillako iloba baten bilobarekin. (HITZA)

"Beldurtuta eta harrituta" bizi zuen martxoaren 11ko lurrikara Tokion bizi den moja urrestildarrak

Japoniarrek erakutsi ez arren, "barruan kezka" dutela dio

Manuela Segurola (Urrestilla, 1930) Tokion (Japonia) bizi da duela 58 urtetik. Urte hauetan guztietan Japonian izan diren lurrikaretatik handiena bizitzea egokitu zaio. Moja da bertan. Komentuko eskolako jangelako eta sukaldeko arduraduna izan da orain arte. Izan ere, 81 urte beteta, alde batera utzi du egitekoa. Lurrikara igaro osteko astean hitz egin du Urola Kostako Hitza-k Segurolarekin.

Nola bizi duzu lurrikara eta ondorengo guztia?

Beldur pixkatekin eta harrituta bizi nuen. Kalean harrapatu ninduen. Ezin genuen ibili ere egin, zorabiatu egiten ginelako. Elkarri eutsi behar izan genion. Ezusteko handia izan zen. Oso tristea izan zen. Etxera itzuli nahi nuen, baina ez zidaten utzi. Arriskutsua zen, teilatuak erortzen ari baitziren. Neskatoengatik kezkatuta nengoen, baina zorionez ez zaie ezer gertatu haiei. Bakoitza bere etxera eramatea kostatu zitzaigun, telefono seinalerik ez zegoelako, ezta trenik ere. Baina pasatu zen, eta ondo daude denak.

Lurrikarak bai, baina tsunamiak izan du zuengan eraginik?

Ez, gu kostatik oso urrun gaude eta hona ez da iritsi haren eraginik.

Orain zein da egoera?

Beldurrez gaude berriro. Beste lurrikara handi bat etor daitekeela esaten dutelako. Etengabe daude erreplikak. Jainkoarengan dugu konfiantza. Etxea ondo dago, ez da inongo hausturarik ikusten, mugitu egin zen arren. Orain, ordea, beste astindu batekin ez dakit zer gertatuko den, barrutik azpiegitura mugituta egon daitekeelako. Guri esan digute beste lurrikara baten kasuan mahai azpietan sartzeko edo etxeko zutabeetara inguratzeko, sabaiak erortzen badira gainera ez erortzeko. Baina kalean harrapatzen bagaitu, zer?

Zein da japoniarren aldartea egunotan?

Ez dute ezer kanporatzen, eurentzako gordetzen dute dena. Lasai ikusten dira, baina, kezkak barruan dituzte, noski. Hemen Tokion ez, baina, beste eremu batzutan jendea familiarik gabe eta etxerik gabe gelditu da. Ikusiko zenuten telebistan, eta hori da gertatzen ari denaren ispilu.

Japoniak hainbat zailtasuni aurre egin behar izan die azken mendean. Zein da, zure ustez, hondamendi honetatik ateratzeko gakoa?

Laguntza ezinbestekoa izango da. Txina jada laguntzen ari da, Japoniak behar duen dena emango omen du hark. Ikusiko da, baina laguntza beharrezkoa da. Lehen ekonomikoki hobetzen ari zen herrialdea, baina orain hondoan dago berriz.

Japoniarren izaera baketsuak ere lagun al dezake arazoa gainditzen?

Bai, noski. Oso bakezaleak dira, oso lasaiak, baina horrek ez du esan nahi barrutik gaizki egongo ez direnik. Elkarri asko laguntzen diote, ordea. Oso jende ona da. Nik inoiz ez dut arazorik izan.

Arrisku nuklearrak gertuagotik eragiten dizue, ezta?

Bai, hori hemen bertan dugu. Izugarria da. Jainkoarengan sinestea besteerik ez zaigu gelditzen, haren eskuetan gaude, izan ere.

Japoniarrek herrialdetik ateratzea dute helburu, ala bertan geratzearen aldekoa de jendea?

Hemen gelditu dira. Orain opor garaia izanik, jendea mendebaldera joan da oporretara. Baina bertan gelditu dira denak.

Eta zeuk, hor geratzeko asmoa duzu ala Euskal Herrira itzuliko zara?

Hemen geldituko naiz, dudarik gabe. Hemen egon behar dudala iruditzen zait, orain inoiz baino gehiago. Momentu honetan ihes egitea koldarkeria izango litzateke. Hau da nire tokia orain.