Azpeitiko Ikastola Ikasberrik eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak hitzarmena sinatu dute

Uztarria.eus 2011ko mar. 22a, 12:03
Aitor Unanue eta Arantxa Mendizabal akordioa sinatutakoan. (Azpeitiko Ikastola Ikasberri)

Kilometroak 2011 antolatzea eta ospatzea ahalbidetuko du hitzarmen horrek

Aitor Unanue Ikasberriko lehendakariak eta Arantxa Mendizabal Euskal Herriko Ikastolen kooperatibako kideak sinatu zuten akordioa, Donostiako Ikastolen Etxean

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrik hitzarmena sinatu dute, Kilometroak 2011ren baitan. Donostiako Ikastolen Etxean sinatu zuten akordioa Arantxa Mendizabal Euskal Herriko Ikastolak Kooperatibako Gipuzkoako Lurralde ordezkariak eta Aitor Unanue Ikasberriko lehendakariak.

Hitzarmen honek eta, beraz, europar kooperatibako partaide izateak Azpeitian Kilometroak festa ospatzea ahalbidetuko du. Horrela, kooperatiba osatzen duten erakundeak eta Euskal Herriko Ikastolak kooperatibako hainbat teknikari elkarlanean arituko dira Kilometroak 2011 antolatzerakoan.

Modu horretan, Kilometroak, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Herri Urratsek elkargunea izango dute. Ikastola guztiak lanean batera aritzearen garrantzia azpimarratu zuten Arantxa Mendizabal eta Aitor Unanuek, eta bi erakundeen arteko elkarlana sendotzeko asmoa ere agertu zuten.