Geofrey Kusuro neurtuko da Hassan Mahboobekin, Haroren markaren bila

Uztarria.eus 2011ko mar. 21a, 19:03

Ugandakoa da eta 13. tokian sailkatu zen atzo, igandea, Munduko Kros Txapelketan

Bahreingo Karima Salem, maratoi erdirako izen berria

Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren antolatzaileek izen berriak eman dituzte gaur jakitera, datorren astebukaerarako prestatu dituzten bi hitzorduei begira; larunbatean, hilak 26, egingo den maratoi erdirako eta igandean, hilak 27, zezen-plazan izango den jaialdirako, hain zuzen.

Horrela, dagoeneko ezagutzera eman dute Hassan Mahboobekin batera Mariano Haroren marka hobetzen ahaleginduko den atletaren izena: Geofrey Kusuro. Ugandakoa da eta 13. tokian sailkatu zen atzo, igandea, Munduko Kros Txapelketan. Atzoko emaitzak kontuan hartuta, eta antolatzaileen esanetan, "Mahboob izango da faboritoa errekor hori hausteko"; izan ere, keniar jatorriko atleta bahreindarra bederatzigarrena izan zen Munduko Txapelketan. Bien markak kontuan izanda -13:18, 5000 metroko proban-, antzeko maila duten kirolariak dira.

Karima Salem, maratoi erdirako izen berria

Geofrey Kusuro gaur gauean iritsiko da Azpeitira, antolatzaileen aurrikuspenak betetzen badira. Dagoeneko hemen direnak Hassan Mahboob eta bere herrikide Karima Salem dira. Azken horrek larunbatean, maratoi erdian, hartuko du parte. Salemek ere Munduko Kros Txapelketan hartu zuen parte atzo, 25. tokian sailkatuz. 1:11:06koa da maratoi erdian orain arte egina duen markarik onena, eta hori hobetzera dator Azkoitia-Azpeitia lasterketara.