Mikrobus eta taxibus zerbitzuak, Beizamarekin eta Errezilekin lotura hobetzeko

Uztarria.eus 2011ko mar. 21a, 20:03
Foru Aldundiko ordezkariak eta alkateak, anbulatorio aurreko autobus geltokian.

Arantza Tapia diputatua bailarako alkateekin elkartu da Azpeitian, garraio zerbitzuaren hobekuntzak aurkezteko

2011ko azken hiruhilekoan abiatuko dira zerbitzu berriak

Arantza Tapia Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua bailarako alkateekin elkartu da gaur, hilak 21, Azpeitian, garraio zerbitzuaren hobekuntzak aurkezteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak martxoaren 10ean iragarri zituen 2011ko azken hiruhilekoan abiatuko diren zerbitzu berriak.

Azpeitia-Donostia eta Azpeitia-Zumarraga lotura zerbitzuen hobekuntzaz gain, gaur Tapiak Azpeitia-Beizama eta Azpeitia-Errezil konexioen gaineko xehetasunak ere azaldu ditu. Hain zuzen ere, bi zerbitzu mota aurreikusi ditu Diputazioak lotura horiek hobetzeko: mikrobusak eta taxibusak. Azken horri dagokionez, taxi-gidariekin hitzartu beharraz hitz egin dute gaurko aurkezpenean; zerbitzu horrek egutegi eta ordutegi jakinak izango ditu, baina erabiltzaileek gutxienez egun bateko aurrerapenarekin eskatu beharko dute, eta Lurraldebus-en txartela erabili beharko dute ordaintzeko. Zerbitzua taxiek eman arren, prezioa autobus txartelarena izango da.

Azpeitia-Beizama

Mikrobus zerbitzua

  • Eskola egunetan eskainiko da
  • Egunean bi zerbitzu aurreikusi dituzte: Azpeitian irteera orduak 07:25ak eta 18:45ak izango dira, eta Beizaman 07:50ak eta 19:10ak.
  • Azpeitian irteera lekua anbulatorio aurreko geltokia izango da; Garmendian eta Landetan ere (hiribidea eta industriagunea) geldituko da mikrobusa, eta Urrestillan eta Nuarben ere bai.

Bai ordutegiak, bai geltokiak, "erabiltzaileen beharren arabera" aldatu ahal izango direla esan dute gaur.

Taxibus zerbitzua

  • Egunero, jai egunetan izan ezik.
  • Azpeititik (anbulatorio aurretik) 09:40ean eta 18:00etan irtengo dira taxiak; Beizamatik, 10:00etan eta 18:20an.

Azpeitia-Errezil

Mikrobus zerbitzua

  • Eskola egunetan hiru zerbitzu: Azpeititik 07:20an, 14:00etan eta 18:45ean abiatuta, eta Errezildik 07:45ean, 14:25ean eta 19:10ean.
  • Larunbatetan eta eskolarik gabeko astegunetan zerbitzu bakarra, Azpeititik 09:00etan eta Errezildik 09:25ean.
  • Azpeitian irteera lekua anbulatorio aurreko geltokia izango da; Landetako hiribidean, Irurenan, eta Errezilgo Bentaberrin, Loidin, Insaustin eta plazan geldituko da.

Geltokiak "erabiltzaileen beharren arabera" aldatu daitezke.

Taxibus zerbitzuak

  • Egunero, jai egunak barne.
  • Azpeititik (anbulatorio aurretik) 10:30ean eta 19:00etan, eta Errezildik (plazatik) 10:50ean eta 19:20an.
  • Astearteetan, Azpeitiko azoka dela eta, ohiko zerbitzuari hirugarren bat gehituko diote: Azpeititik 09:00etan eta Errezildik 09:20an irtenda.