Abian da edukiontzi marroia erabiltzeko kanpaina berria

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 17a, 18:03

Etxeko zabor organikoa sailkatzen erakusteko saioak egingo dituzte martxoaren 24tik 26ra, Sindikatu Zaharrean

Oraindik etxean bilketa mota hau egiten ez duten herritarrengana iritsi nahi dute

Etxeko hondakin biologikoak bildu eta edukiontzi marroiaren bidez biriziklatzeko kanpainaren bigarren fasea martxan jarri du Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitateak. Duela bi urte Foru Aldundiak Gipuzkoako zenbait mankomunitaterekin abiatutako plangintzaren jarraipena da honakoa.

Azpeitian, martxoaren 24an, 25ean eta 26an egingo dituzte ikastaroak. Sindikatu Zaharreko areto nagusian izango dira hogei minutuko bilerak. Astegunetan 09:30etik 13:00etara eta 17:30etik 20:00etara bitartean ordu erdiro egingo dituzte saioak, ordu puntuetan euskaraz, eta erdietan gazteleraz. Larunbatean, berriz, 10:30etik 13:00ak arte jarri dituzte hitzorduak.

Biohondakinak gaika biltzeari buruzko azalpenak emateaz gain, edukiontzi marroia irekitzeko giltza, etxean hondakinak biltzeko ontzia, poltsa biodegradagarriak eta eskuorri bat banatuko dizkiete parte hartuko duten herritar guztiei. Bestalde, aurretik kanpainan parte hartzen ari direnek poltsa konpostagarri gehiago jasotzeko aukera izango dute.

Erabiltzaileak ugaritu

Edukiontzi marroiaren bidez hondakin biologikoak jasotzeko esperientzia pilotua 2008an abiatu zuten. Azpeitia ordutik ari da plangintzan parte hartzen, eta aurreneko fasean 478 familiak eman zuten izena boluntario moduan parte hartzeko. 2010ean gaikako bilketa hau behin betiko finkatuta gelditu zen beste 162 familiaren parte-hartzearekin.

Azpeitian 29 edukiontzi daude, herrigunean sakabanatuta. Edukiontzi marroiak sarraila izaten du, ondo erabiltzen dakiten herritarrek soilik balia dezaten. Izan ere, gaikako bilketa ondo egiteak bermatzen du konpostaren kalitatea.

Datorren astean abiatuko duten kanpaina berriarekin oraindik etxean bilketa mota hau egiten ez duten herritarrengana iritsi nahi dute

Sailkatzearen garrantzia

Etxeetan sortzen diren hondakin biologikoak elikagaiak eta lorezaintzako hondakinak izaten dira gehienbat. Eta sortutakoaren %40 inguru izaten da zabor biologikoa.

Lehen zabor hori guztia biologikoa ez zen beste honodakinen nahastuta botatzen zen zabortegira. Orain, berriz, etxean ondo sailkatu eta edukiontzi marroira botatzeko aukera dago. Hortik Lapatxeko konpostatze gunera eramaten dute biohondakina, konpost bilakatzeko. Kalitatezko ongarri naturala lortzen da horrela, lurra aberasteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, 2016. urterako 60.000 tona hondakin organiko bildu eta tratatuko dira Gipuzkoako konpostatze zabortegietan.