Etxeetara janaria eramateko zerbitzua abian jarri nahi du Udalak

Uztarria.eus 2011ko mar. 17a, 18:03

.65 urtetik gorakoentzat edo elbarritasunen bat dutenentzat izango litzateke

Egitasmoaren berri emateko bilera deitu dute Gizarte Zerbitzuetatik datorren astearterako, martxoak 22

Azpeitiko Udalak etxeetara janaria eramateko zerbitzua jarri nahi du abian, Gureak taldeko Sutondo catering enpresaren bidez. Zerbitzu hori 65 urtetik gorakoentzat edo elbarritasunen bat dutenentzat izango litzateke.

Astelehenetik igandera, etxe partikularretara bazkaria eta afaria banatuko dituzte. Dietak pertsona bakoitzaren beharraretara egokitutakoak izango dira: dieta diabetikoa, gatzik gabekoa, zeliakoa... Erabiltzaileek beharren arabera aukeratzeko modua ere izango dute, nahi duenak bazkaria bakarrik, afaria, edo biak eskatuz.

Egitasmoaren berri emateko bilera deitu dute Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik datorren astearterako, martxoak 22. Baigerako lehen solairuko aretoan izango da bilera, 16:30ean; han, informazioa zabaltzearekin bat, janari dastaketa egin eta parte hartzen dutenen artean jatekoa zozketatuko dutela aurreratu dute.

Bilerara joaterik ez dutenek Gizarte Zerbitzuen saileko 943157192 telefonora deitu dezakete, informazioa jasotzeko.