Zabalik da jada estalitako igerileku berria

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 16a, 12:03
Kanpoko estalitako igerileku berriak lau kale ditu.

Barrukoa moldatzeko lanei ekin diete

Igerileku berria ikastaroetarako eta igeri elkartekoen entrenamenduetarako erabiliko da nagusiki

Hilabeteetako lanen ostean, astelehenean zabaldu zuten estalitako igerileku berria. Bina metroko lau kale ditu, 25 metro luze da eta 8 metro zabal. Sakonera, berriz 1,5 metrokoa du, eta 300 metro kubikoko bolumena. Gehienez ere 66 lagunek egin ahalko dute igeri aldi berean bertan.

Astelehenean bertan hasi ziren, bestalde, barruko igerilekua konpontzeko lanak, osasun neurriak betetzeko eraberritu beharra baitzegoen. Lan horiek amaitzean, beraz, igerilariek 10 kale izango dituzte erabilgarri. Bien bitartean, igerileku berria erabili beharko dute igerilariek. Horregatik Udal Kirol Patronatuko arduradunek "pazientzia eta ulermena" eskatu diete herritarrei, kanpoko igerilekua zenbaitetan "txiki geldituko" dela eta lanek deserosotasunak sor ditzaketela jakinda. Udarako lanak amaituta eta 10 kaleak erabilgarri izatea espero du Kirol Patronatuak.

Igerileku berriaren erabilera

Estalitako igerileku berria urte osoan egongo da irekita. Neguan, irailaren 15etik ekainaren 15era bitartean, alegia, barruko sei kaleko igerilekuaren araudi eta ordutegi bera izango du. Urte garai horretan uraren tenperatura 27,5 gradu zentigradukoa izango da.

Uda denboraldian, ekainaren 15etik irailaren 15era, egunero egongo da zabalik, 11:00etatik 20:00etara. Epe horretan ura ez da berotuta egongo, eta jolaserako erabili ahalko da. Barruko 6 kaleko igerilekuko lanak amaitutakoan, kanpoko igerileku berrian eskainiko dituzte Kirol Patronatuak antolatutako aquarobik eta aquagym ikastaroak, eta igeri ikastaroak; Izarraitz Igeri Elkarteak ere erabiliko du, entrenamenduetarako. Kirol Patronatuko igeri ikastaroak eta Izarraitz Igeri Elkarteko entrenamenduak ordu berean badira, bakoitzak bi kale erabili ahal izango ditu.

Bestalde, sei kaleko igerilekuan kale bakoitzean bi lagun ez dauden bitartean, sorosleak igerileku berrira sarrera debekatuko du, arau bezala. Araudi hau betetzen ez bada, soroslearena izango da gerta daitekeenaren erantzukizunosoa.

Kanpoan zelai gehiago

Uda denboraldian, kanpoko estali gabeko igerileku inguruko zelaiak txiki gelditzen ziren askotan, eta leku arazoari erantzuteko asmoz, estalitako igerileku berriaren gainean solariuma egin dute, zorua belarrez estalita. Bertara igotzeko eskailerak eraiki dituzte.