Lehiaketara atera dute Urrestillaren saneamendurako eta Ibai-Eder uholdeetatik babesteko proiektua

Uztarria.eus 2011ko mar. 16a, 11:03

Lanak aurten hasiko dira eta hamabost hilebetean egitea aurreikusten dute

.5.060.939,31 euroko aurrekontua izango du lanak

Eusko Jaurlaritzako Uraren Agentziak lehiaketara atera du Ibai-Eder ibaia uholdeetatik babesteko eta Urrestillako saneamenduaren inguruko proiektua.

Alde batetik, Ibai-Eder ibaiaren segurtasunerako lanak egingo dituzte. Urrestillan uholdeak izateko arriskua dagoenez, ibaiaren zabalera bikoiztu egingo dute. Bi zubi bota egingo dituzte eta hauetako bat berreraiki egingo dute. Aldiz, beste berri bat egingo da Altunatik Txorietxera joateko.

Bestalde, saneamenduari dagokionean, Urrestillako ur zikinak egun ez dira jasotzen eta lan horiekin, ur zikinak jaso eta Landetako sistemarekin konektatuta, depuradorara eramango dituzte ur horiek.

Lanak aurten hasiko dira eta hamabost hilebetean egitea aurreikusten dute. 5.060.939,31 euroko aurrekontua izango dute. Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak jakinarazi duenez, "behin eta berriz eskatu dugu proiektua gauzatzeko eta zorionekoa da azkenean egingo dela jakitea". Horretaz gainera, "Udalak proiektua eta lur sailen gestioa egin du eta lanek irauten duten bitartean, eragiten dien enpresekin koordinazioa bermatuko du, hauei ahalik eta eragozpen gutxiena sortzeko", adierazi du Eizmendik.