Ruben Lanz legazpiarra izan da XIII. Ikasberri Krosean garaile

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 13a, 15:03
Arruti, IƱaki Etxezarreta zinegotzia, Lanz txapelduna, Oiartzabal eta Roman Azkue Ikasberri Kirol Elkarteko lehendakaria

Ikasberri Ikastolako inguruko zelaietan egin dute lehen aldiz lasterketa eta "oso balorazio ona" egin dute antolatzaileek

Partaidetza beste urteetan baino baxuagoa izan da, kroseko denboraldia amaitzen ari delako

Gaur goizean jokatu dute XIII. Ikasberri Krosa, Ikasberri Kirol Elkarteak antolatuta. Kategoria gorenean, senior gizonezkoetan, Ruben Lanz legazpiarra izan da nagusi. Haren atzetik iritsi dira helmugara Egoitz Arruti eta Asier Oiartzabal azpeitiarrak, bigarren eta hirugarren postuetan hurrenez hurren. 7.900 metroko zirkuitua izan da beraiena. Senior nesken kategoriako lasterketa bertan behera gelditu da, neska bakarra agertu baita eta parte ez hartzea erabaki baitu. Promesa gizonezkoetan Alberto Arberas izan da garailea.

Goizeko 10:15etan hasi dira lasterketak, aurten berrikuntza nabarmen batekin: lehen aldiz Ikasberri Ikastola inguruko zelaietan egin dute lasterka parte-hartzaileek. Kategoria bakoitzaren arabera, itzuli txikiak (1.100 metro) eta itzuli handiak (1.700 metro) korritu dituzte. Zirkuitoa Ikasberri eta Esklaben komentuaren arteko zelaitik igaro da, handik Olatz aldera joan eta Loiolako etorbidetik, berriro ere hasierako zelaian amaitzeko. Zirkuitu berri honek lasterketaren ia ibilbide osoa ikusteko aukera eman die ikusleei, eta korrikalarien arteko lehiaz gozatzeko aukera eman du. Antolatzaileek, "oso balorazio positiboa" egiten dute zirkuitu berriaz.

Ohi baino parte-hartze murritzagoa

Egunaren puntu gazia parte-hartze kopuruak eman du. Izan ere, ohi baino korrikalari gutxiagok hartu dute parte. Horren arrazoia datan ikusten dute antolatzaileek, "kros denboraldia amaitzear dago eta lasterketa desberdinez osatutako txapelketa batean txertatuta dagoenez hau, korrikalariek puntuatu ahal izateko gutxieneko lasterketak eginak dituzte jada". Horregatik, datorren urtean, ohi bezala, abenduan edo urtarrilan egiteko asmoa dute berriz antolatzaileek.

Ikasberriko gurasoek txosna jarri dute, bestalde, eta salda banatu dute doan. Urtero zozkatzen den otarra berriz, Zestoako bizilagun batek eraman du etxera.