EAJri "ez zaio egokia iruditzen" Sanagustinen taberna jartzea

Uztarria.eus 2011ko mar. 11a, 20:03

Kulturgunearen "funtzioa eta helburuak desbirtuatu" egingo dituela iritzi diote

Sanagustinen kudeaketa Udalak bere gain hartu beharko lukeela uste dute jeltzaleek

Sanagustin kulturgunearen kudeaketarako deialdia onartu zuen Udalak joan den asteko udalbatzarrean. EAJren udal ordezkariek kontra bozkatu zuten orduan eta, gaur, Azpeitiko EAJk oharra plazaratu du, bere desadostasunaren arrazoiak azalduz.

"Pozgarria da Sanagustin kulturgunea kultur eta gizarte jardueretarako prestatu izana, zerbitzu ona baita Azpeitiko herriarentzat", diote jeltzaleek, baina ez datoz bat udalbatzarrean onartutako kudeaketa ereduarekin. EAJren ustez, Sanagustinen kudeaketa Udalak hartu behar luke bere gain, "eta dituen giza-baliabideak eta baliabide teknikoak erabiliz gestionatu, herriko kultur taldeen laguntza eta lankidetzarekin". Alderdi horren arabera, Udalak ez du "bitartekarien beharrik" herriko kultur taldeekin elkarlanean aritzeko.

Sanagustinen eskaintza osatzeko ostalaritza zerbitzua ematearekin ere ez daude ados jeltzaleak. "EAJri ez zaio egokia iruditzen leku horretan taberna bat jartzea"; kulturgunearen "funtzioa eta helburuak desbirtuatu" egingo dituela iritzi diote. "Tabernaren jarduera ez zaigu iruditzen bateragarria Sanagustinen emango diren zenbait ekitaldirekin", diote oharrean. Eta kritikatu egiten dute kulturgunean ostalaritza zerbitzua eman ahal izateko udal Ordenantzan egindako aldaketa. "Are okerrago oraindik iruditzen zaigu taberna horri sukaldea jartzea, udaletxearen eraikinaren barruan. Horrek sor ditzakeen eragozpenez ohartu al gara?", galdetzen du, azkenik, EAJk.