Astelehenean zabalduko dute estalitako igerileku berria

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 11a, 13:03
Estalitako igerileku berriak lau kale izango ditu

Astelehenean hasiko dira barruko igerilekua eraberritzeko lanak, eta "pazientzia" eskatu dute Kirol Patronatuko kideek

Lan guztiak amaitzean, udan ziurrenik, Azpeitiko igerilekuak 10 kale izango ditu, lehengoko sei eta lau berri

Hilabeteetako lanen ostean, astelehenean zabalduko da estalitako igerileku berria. Bina metroko lau kale izango ditu igerileku berriak, 25 metro luze da eta 8 metro zabal. Sakonera, berriz 1,5 metrokoa du eta 300 metro kubikoko bolumena. Gehienez ere 66 lagun egon ahal izango dira bertan aldi berean. Astelehenean bertan hasiko dira, bestalde, barruko igerilekua konpontzeko lanak, osasun neurria betetzeko eraberritu beharra baitago. Lan horiek amaitzean, beraz, Azpeitiko igerilekuak 10 kale izango ditu erabilgarri. Bien bitartean, igerileku berria erabili beharko dute igerilariek; horregatik Udal Kirol Patronatuko arduradunek «pazientzia eta ulermena» eskatu nahi diete herritarrei, kanpoko igerileku berria zenbaitetean txiki geldituko dela eta lanek deserosotasunak sor ditzakeela jakinda. Udarako lan guztiak amaituta eta 10 kaleak erabilgarri izatea espero du Kirol Patronatuak.

Igerileku berriaren erabilera

Estalitako igerileku berria urte osoan egongo da irekita. Neguan, irailaren 15etik ekainaren 15era bitartean, alegia, barruko sei kaleko igerilekuaren araudi eta ordutegi bera izango du. Garai horretan, uraren tenperatura 27,5 gradu zentigradukoa izango da. Uda denboraldian, ekainak 15etik irailak 15era, egunero zabalik egongo da 11:00etatik 20:00etara. Epe horretan ura ez da berotuta egongo eta jolaserako erabilpena izango du. Barruko 6 kaleko igerilekuko lanak amaitutakoan, kanpoko igerileku berrian Kirol Patronatuak antolatuko dituen aquarobik eta aquagym ikastaroetarako, igeri ikastaroetarako eta Izarraitz Igero Elkartearen entrenamenduetarako erabiliko dute. Kirol patronatuko igeri ikastaroak eta Izarraitz Igeri Elkarteko entrenamenduak ordu berean badira, bakoitzak bi kale erabili ahal izango ditu. Bestalde, sei kaleko igerilekuan kale bakoitzean bi lagun ez dauden bitartean, sorosleak igerileku berrira sarrera debekatuko du, arau bezala. Araudi hau betetzen ez bada, soroslearena izango da gerta daitekeenaren ardura osoa.

Kanpoan zelai gehiago

Kanpoko estali gabeko igerileku inguruko zelaiak txiki gelditzen ziren askotan eta leku arazo horiek konpontzeko asmoz, estalitako igerileku berriaren gainean solariuma egin dute, zorua belarrez estalita. BErtara igotzeko eskailerak eraiki dituzte.