Hirugarren mundua koloretan

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 11a, 13:03

Pedro Luengo margolari azpeitiarrak Bidean erakusketa zabalduko du gaur arratsaldean, Sanagustinen

Bidean erakusketa hilaren 21a bitartean bisitatu ahal izango da

Bidean izeneko margo erakusketa zabalduko du Pedro Luengo azpeitiarrak, gaur arratsaldean, Sanagustin kulturgunean. Margolan baten izenburu bera jarri dio erakusketari ere. "Azken finean, gehien gustatzen zaidana da", dio margolariak: "Bertan, emakume bat agertzen da, ume bat besoetan duela, bidean aurrerantz. Bidearen ideia hortik bururatu zitzaidan, egia esan. Egokia izateaz gain, esanahi askoko hitza dela iruditzen zait. Izan ere, honakoa nire bigarren erakusketa da eta, nolabait esateko, margogintzan nire bidea egiten ari naizela ere esan nahi du".

Estreinako erakusketa duela bi urte egin zuen, Begira izenburupean, Azkoitiko Torrezuri aretoan. Ordungo ildoari jarraituz, honetan ere Hirugarren Munduko pertsonetan oinarritu da. "Oso antzekoak dira", nabarmendu du egileak. Pertsonak eta haien egoerak irudikatzen saiatu da oraingo honetan ere: "Pertsona horiek nola dauden eta zer igortzen duten islatzen dut erretratuekin". Luengorena margogintza soziala litzateke. Nolanahi ere, "ez dut espreski hori bilatzen. Beharbada, inkonzienteki ateratzen zait, naturalki. Ez dut jendea tristetzeko margotzen, baizik eta estetikoki asko gustatzen zaidalako. Niretzat ederrak direlako jasotzen ditut. Nola ez, gaiak asko kezkatzen nau. Iaz, esaterako, Nava Jeevan gobernuz kanpoko erakundea sortu genuen, Indiako umezurztegiko haurrei laguntza emateko. Dena loturik egongo da, azken finean, baina ez dut jendearengan eragin nahi nire lanekin".

Margolanak ez dira hutsetik sortzen, argazkiak ditu oinarri eta eredu. "Egunkarietan edota aldizkarietan agertutako argazkiak jasotzen ditut, eta ondoren irudi horiek margotzen ditut. Argazkietako bat, gainera, agertu zen. Oro har, deigarriak egiten zaizkidan argazkiak mozten ditut. Gertuko jendeak ere batean eta bestean topatutako irudiak ekartzen dizkit. Nik ateratako argazkietan oinarritutako margorik ere bada, baina gehienetan prentsan ikusitakoak erabiltzen ditut".

Hemeretzi koadro

Tamaina ertain eta handiko hemezortzi margolan zintzilikatuko ditu Sanagustin kulturguneko aretoan. Oro har, azken bi urteotan ekoitzitako lanak jarriko ditu erakusgai; horietatik hamahiru azken txanpakoak dira eta gainerako bostak, berriz, lehenagokoak, Azkoitin aurretik erakutsitakoak. Bidean erakusketa hilaren 21a bitartean bisitatu ahal izango da; astean zehar 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Erakusgai jartzeaz aparte, margolanak salgai jarriko dituela jakinarazi du egileak.

Margo berrietan lur koloreak erabiltzen jarraitu du, marroia, zuria eta beltza baitira nagusi bere oihaletan. Bere lan piktorikoan aldaketa handirik ez badago ere, lehen erakusketatik bigarrenera "segurtasun gehiago" izan duela onartu du Luengok.