Hemen dator 17. Korrika

Uztarria.eus 2011ko mar. 11a, 13:03
Korrika 17 aurkezteko atzo, osteguna, Azkoitian egin zuten agerraldia.

Korrika 17 eta Korrika Kulturala aurkeztu zituzten atzo, osteguna, Azkoitian

Azpeitira apirilaren 13an, asteazkena, iritsiko da

Korrika 17 eta Korrika Kulturaleko ekitaldiak aurkeztu dituzte atzo, osteguna, Azkoitiko plazan. Euskararen aldeko lasterketa, apirilaren 7an hasiko da TrebiƱun eta 17an bukatuko da Donostian. Apirilaren 13an, asteazkena, iritsiko da Azpeitia eta inguruetara Korrika. Matxinbentara 15:00ak inguruan izango da eta Urrestillatik pasatuta, Landetatik barrena, Zestoara joango da. Zestoatik bueltan, Azpeitian Etxe Zuri taberna paretik 18:00ak jota pasatuko da Korrika eta, handik, Azkoitiara joango da.

Aurtengo omendua Euskaltzaindia izango da. "Ezin da ahaztu helduen euskalduntze alfabetizatzea oro har, eta Korrika antolatzen duen AEK bera, Euskaltzaindiaren babesean sortu zirela", adierazi zuen Josu Elortza AEK-ko kideak. Bestalde, aurtengo leloa Maitatu, ikasi, ari... euskalakari! da Korrika 17ko leloa.

Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako Korrika Batzordeek hainbat ekimen antolatu dituzte Korrika Kulturalaren baitan. Herri batzorde horiek "irekiak" direla eta parte hartu nahi duen orori "deialdia luzatu" zioten atzokoan. Azpeitian, asteartero biltzen da Korrika Batzordea, 19:30ean, Sindikatu Zaharrean.

Hona datozen asteetarako Azpeitian antolatu dituzten ekimenak:

Martxoak 18, ostirala: Gipuzkoako Korrika Mus txapelketako kanporaketa gaztetxean.

Martxoak 29, asteartea: Korrikaren eta Kilometroen inguruko hitzaldia ikasberri ikastolan.

Apirilak 1, ostirala: Kontzertuak gaztetxean

Apirilak 8, ostirala: Korrikako dokumentalaren emanaldia.

Apirilak 13, asteazkena: Korrika Txikia eta jaialdia plazan. Korrika ere egun horretan pasatuko da.

Laguntzeko moduak

Korrika 17 lagundu ahal izateko hainbat modu daude urteroko moduan:

Korrika Laguntzailea. Inprimaki bat bete eta 12 euroren truke laguntzaile txartela jasoko da. Horrekin, hainbat dendetan beherapenak izango dituzte.

Korrika Lagun. Dendei zuzenduta dago.

Lasterketako kilometroa. Talde eta eragileek Korrikako kilometroak erosteko aukera dute.