Autobus gehiago Donostiara eta Zumarragara joateko

Uztarria.eus | Gizartea
2011ko mar. 10a, 19:03

Donostiara astegunetan 19 zerbitzu, larunbatetan hamar eta igandeetan sei jarriko dituzte

Azkoitia-Azpeitia-Zestoa lotura ere indartu egingo dute, asteburu gauetan ere autobusak jarriz

Urola Erditik Donostiara eta Zumarragako Ospitalera joan-etorriak egiteko autobus zerbitzua hobetuko duela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Debabarrena, Urola Kosta eta Urola Erdiko garraio publikorako emakida edo kontzesio berrirako lehiaketa abian jarriko du Diputazioak denbora gutxi barru, eta eskaini beharreko zerbitzuaren baldintzak jakitera eman ditu orain.

Urte bukaerarako espero

Urola Erdian garraio publikoa "indartzeko" proiektuarekin, zerbitzuen maiztasuna eta Donostiarekin eta gainerako bailarekin loturak hobetu nahi ditu Diputazioak. Gaur egun bi enpresa dira, La Guipuzcoana eta Eusko Tren, Urola Erdian autobus zerbitzu publikoa eskaintzen dutenak. Emakida berriarekin, enpresa bakarrak eskainiko du zerbitzua, Lurraldebus markaren pean. Emakida berria hamar urterako izango da, beste bost luzatzeko aukerarekin.

2011ko azken hiruhilekoan zerbitzu berriak indarrean egotea aurreikusten du Diputazioak.

Zerbitzu berriak

Urte amaieratik aurrera, Donostiara astegunetan 19 zerbitzu, larunbatetan hamar eta igandeetan sei jarriko dituzte.

Zumaia-Zumarraga loturari dagokionez, astelehenetik ostiralera egunero 13 zerbitzu eskainiko dituzte, eta bederatzi larunbat eta igandetan.

Azkoitia-Azpeitia-Zestoa lotura ere indartu egin nahi du Diputazioak. Horrela, astegunetan 32 joan-etorri egingo dituzte autobusek hiru herrion artean, eta hamaika zapatu, igande eta jai egunetan.

Asteburu gauetako zerbitzuak ere aurreikusten ditu proiektu berriak. Horrela, larunbatetik iganderako gauetan Azkoitia eta Zumaia lotuko dituzten lau zerbitzu egongo dira, Zumaia-Donostia zerbitzuarekin koordinatuta. Negu partean, berriz, ostiral gauetan Zumaia-Azkoitia eta Zyumaia-Donostia arteko loturak gaueko ordubata arte luzatuko dituzte.

Azkenik, Debabarrena bailararekiko konexioak ere indartu nahi ditu Diputazioak. Astelehenetik ostiralera zazpi zerbitzu eskainiko dituzte Azpeitia eta Ermua artean, eta sei zerbitzu larunbat eta jai egunetan. Azpeitia eta Eibar arteko larunbat gauetako lotura mantendu egingo da, hiru zerbitzurekin.

Bidali:  

Erantzunak

euli | 2011-03-11 : 09:03

BAZAN GARAYE!!!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu