Arauntza inguruan egingo dute Urolako eskolarteko XXIV. Ibilaldi Neurtua

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 10a, 16:03

Igandean, martxoak 13, egingo dute ibilaldia, goizez

Aurten Lagun Onak Mendi Bazkunari egokitu zaio ekimena antolatzea

Igandean, martxoak 13, Azpeitian egingo dute gaztetxoen Eskolarteko XXIV. Ibilaldi Neurtua. Urolako eskoletako haurrek hartuko dute parte; Orio, Zarautz, Zumaia, Zestoa, Azkoitia eta Azpeitikoek, eta Arauntza mendiaren inguruko ibilibidea beteko dute. Eskualdeko mendi elkarteek txandaka antolatzen dute ibilaldi hau eta, 2007an bezala, Lagun Onak Mendi Bazkunari egokitu zaio aurtengoa antolatzea, Gipuzkoako Mendi Federazioarekin eta Foru Aldundiarekin elkarlanean.

Bi ibilbide aukeratzeko

08:30ak eta 09:00ak bitartean hasita, bi ibilbide aukeran izango dituzte parte-hartzaileek, motza eta luzea. Ibilbide motza ia 7 kilometro luze izango da eta plazatik Arauntza baserrira joanda, Lasaoko gasolindegi inguruko Oielantzun baserrira jaitsiko dira, ondoren eta bidegorritik plazara itzultzeko. Bi ordu eta bi ordu eta erdi arteko ibilbidea izango dela aurreikusi dute antolatzaileek, eta irteera eta helmugaz gain, bi kontrol igaro beharko dituzte ibilbide hau aukeratzen dutenek.

Ibilbide luzeari dagokionez, plazatik Arauntza tontorreraino joango dira eta Sainu ingurutik Oielantzun-era jaitsiko dira, bidegorritik plazara itzultzeko. Ibilbide hau 9 kilometro pasatxokoa izango da, hiru ordu eta hiru ordu eta erdi tartean egiteko modukoa. Ibilbide honetan hiru kontrol igaro beharko dituzte gaztetxoek.

Oielantzun baserrian elikagaien eta edarien postua ipiniko dute azken txanpa indarrez egiteko, eta parte-hartzaile guztiek oparitxo bat izango dute amaieran.

Mendizaletasuna sustatzeko

Honelako ekimenek gaztetxoen artean mendizaletasuna sustatzea dute helburu nagusi. "Urteko programazioan gazte asko etortzen da ibilaldietara, baina etortzen ez diren horiek, urtean behin behintzat mendi buelta bat egitea nahi genuke, mendiaz eta lagunarteaz goza dezaten", dio Lagun Onak Mendi Bazkunako Iosu Izagirrek.