Emakume baserritarren inguruko hitzaldia izango da, bihar

Uztarria.eus 2011ko mar. 9a, 21:03

Sindikatu Zaharrean izango da 19:00etan hasita eta Itziar Arkonadak, EHNEko ejekutibako kidea, hitz egingo du

Emakumeen Egunaren harira hainbat ekimen antolatu ditu Bilgune Feministak eta horietako bat izango da hitzaldia

Atzo, asteartea, Emakumeen Eguna izan zela-eta, emakume baserritarren inguruko hitzaldia antolatu du Azpeitiko Bilgune Feministak. Bihar, osteguna, izango da Sindikatu Zaharrean, 19:00etan hasita. Itziar Arkonadak, EHNEko (Euskal Herriko Nekazarien Elkartea) ejekutibako kidea, izango da hizlaria.

Hitzaldian "gertukoa eta aldi berean hain urrunekoa" den emakume baserritarren egoera azalduko dute. Hala nola: lanaren balorazioa, gizarte segurantza, jabetza eskubidea, baserritarren borroka, eskubideen aitortza...

Antolatzaileen arabera, "aurtengo martxoaren 8ko gai nagusia krisia eta prekarietatea izan direnez, eta krisiaren aurrean emakumeak garenez ahaztuenak eta kaltetuenak, emakumeek osatutako kolektibo bat hartu eta beraiengana zuzentzea erabaki genuen". Bilgunekoek jakinarazi duetenez, "EHNE sindikatuko emakumeengana gerturatu ginen emakume baserritarren egoera ikuspegi sindikaletik erakutsi nahi genuelako eta, aldi berean, ikuspegi pertsonala ere bai".