Hirugarrenean, aitzakiarik ez

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 9a, 20:03
Duela bi urte jokatu zen azkenengoz Ikasberri Krosa, Goenako zelaietan (NEREA URANGA)

Ikastola eta inguruko zelaietan jokatuko da XIII. Ikasberri Krosa igandean, martxoak 13

Aurten taldeka banatuko dituzte diru-sariak

Hamahirua zorigaiztoko zenbakia dela diote superstiziosoenek. Zorte onik ez dakarrela, alegia. Ikasberri krosean, behintzat, ahazteko moduko urtea izan zen iazkoa. Lasteeketa antolatzen zuten hamahirugarren aldia zen, baina ez zen jokatu. Birritan utzi behar izan zuten bertan behera; lehenengoa, urtarrilaren 10ean, elurteagatik; eta bigarrena, otsailaren 27an, ziklogenesiaren eraginez. Horrexegatik, aurten, hirugarrenez XIII. Ikasberri Krosa iragarri dute, eta datorren igande goizen, martxoak 13, jokatuko dute. "Ea eguraldi ona egiten duen eta ez dugun iazko zorte txarrik", dio Ikasberri Kirol Elkarteko kide Roman Azkuek.

Jakitera eman duenez, berrikuntzaz beterik dago aurtengo proba. Alde batetik, lasterketa ez da Goenako zelaietan jokatuko, baizik eta ikastolako eta inguruko lurzoruetan. "Goenako zelaietan aritzeko berandu samar dela esan zigun baserritarrak, belarra nahikoa hazita dagoelako. Beraz, ikastola inguruko zelaian osatu dugu ibilbidea. Tokia oso polita da, baita ikusteko ere. Gainera, bertatik bertara dago, herrian bertan, eta ez dugu Goenara igo beharrik izango. Ikusiko dugu nola ateratzen den, baina guretzako behintzat leku hobea da hau", adierazi du Azkuek. Horretaz gain, aparkalekuak eta dutxak ere eskura izango dituzte lasterketara gerturatzen direnek.

Bestetik, aurten sari ekonomikoak taldeentzat bakarrik izango dira. Lehen hiru sailkatuek oroigarria jasoko dute, baina dirurik ez. "Atzerritarrak etortzen ziren lasterketara eta sari guztia haiek eramaten zuten. Aurten, bertako taldeak saritzea pentsatu dugu", erabakiaren berri eman du elkarteko kideak. Sariren bat jasotzeko hainbat kategoriatako bost probatan puntuatu beharko dute. Kadete, jubenil, junior eta senior-promesa gizonezkoen nahiz emakumezkoen probak hartuko dituzte kontuan; eta kategoriako lehen hamar sailkatuek jasoko dituzte puntuak.

Ordutegia

  • 10:15ean. Heldu, jubenil eta junior gizonezkoak; 4.600 metro.
  • 10:45ean. Heldu eta kadete emakumezkoak; 2.800 metro.
  • 11:00etan. Jubenil eta junior emakumezkoak eta kadete gizonezkoak; 3.900 metro.
  • 11:20an. Alebin emakumezkoak eta gizonezkoak; 1.100 metro.
  • 11:35ean. Infantil emakumezkoak eta gizonezkoak; gizonezkoak 2.800 metro eta emakumezkoak 1.100 metro.
  • 11:55ean. Senior-promesa emakumezkoak; 4.600 metro.
  • 12:20an. Senior-promesa gizonezkoak; 7.900 metro.