Urola Erdiko Mankomunitatearekin hitzarmen berria onartu du Udalak

Uztarria.eus 2011ko mar. 4a, 21:03

Azpeitiko zabor bilketa Udalaren eskuetatik Mankomunitatearen eskuetara pasatuko da, hogei urte eta gero

Ezker abertzaleak kontra bozkatu du eta Aralar abstenitu egin da, Gipuzkoa mailako hondakinen kudeaketarekin bat ez datozelako

Udalbatzak Urola Erdiko Mankomunitatearen estatutu berriak onartu eta erakunde horrekin hitzarmen berria sinatzea onartu zuen atzoko bilkuran. Horrela, eta besteak beste, Azpeitiko zabor bilketa Udalaren eskuetatik Mankomunitatearen eskuetara pasatuko da, hogei urte eta gero. Apirilaren 1etik aurrera, Azpeitiko Udalak bere baliabide teknikoak zein pertsonalak –hiru langile– mankomunitatearen esku utziko ditu. Julian Eizmendi alkateak azaldu zuenez, langile horiek funtzionario izaera mantenduko dute, baina mankomunitateko funtzionario izatera pasatuko dira.

Botoen balioa

Urola Erdiko Mankomunitatea 1988an eratu zuten, hiri hondakinen kudeaketa zerbitzua eta zabortegia era mankomunatuan eskaintzeko. Zazpi udalerri daude bertan ordezkatuta: Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Aizarnazabal, Errezil, Bidegoian eta Beizama. Orain dela hogei urte inguru, mankomunitatean erabakiak hartzeko zegoen udalen arteko proportzio banaketaren harira desadostasunak sortu ziren, eta Azpeitia zaborraren bilketa eta kudeaketa bere gain hartzera pasatu zen. Orain arte, udalerri guztiek bina ordezkari eta bina boto zituzten mankomunitatean; estatutu berriekin, ordea, udal bakoitzak hiru ordezkari izango ditu, baina botoen balioa udalerrien biztanle kopuruari ere lotuko zaio. Boto ponderatua deritzon hori aplikatuz Azpeitiak, biztanle gehien duen udalerria izanik, botoen %43a izango luke. Hala ere, eta handien eta txikien arteko oreka bermatzeko, erabakiak hartzerakoan beharrezkoa izango da gutxienez lau udalerri ados jartzea, eta horien artean biztanle kopuru handienetakoa duenetako bat egotea.

Estatutu berriak Urola Erdiko Mankomunitateak onartu zituen lehendabizi, eta orain udalez udal ari dira onarpena gauzatzen. Azpeitiko kasuan, atzo, EAJren eta EAren aldeko botoarekin onartu ziren estatutuak eta hitzarmen berria. Hautetsi independentistek aurkako botoa eman zuten, eta Aralar abstenitu egin zen. Hondakinen kudeaketaren gainean Gipuzkoa mailan garatzen ari den eredua, errauskailuaren aldeko apustua tartean dela, kritikatu zuten alde bozkatu ez zutenek. Iñaki Errazkinek azaldu zuenez, estatutu berrien eta hitzarmenaren "puntu gehientsuenekin ados egon arren, ez gatoz bat Gipuzkoa mailan egiten ari den planifikazioarekin". Ildo beretik mintzatu zen Juan Karlos Arellano ere: "(Hondakinen) arazoak urte pila bat dauka eta ez da behar bezala jorratzen. Bide errazena ez, baina bai azkarrena, aukeratu dugu, errauskailuarena".

Lapatxek Udalari eman beharrekoa

Mankomunitatearekin lotuko duen hitzarmenean jasota geldituko da Azpeitiko Udalak Lapatxetik datozen urteetan kobratu beharrekoa ere.

San Markoseko zabortegiaren itxieraren ondoren, Lapatxeko zabortegia berez ez dagokion zabor kopurua jasotzen ari da -"ia bederatzi aldiz gehiago", alkatearen hitzetan–. Hori dela eta, eta Lapatx Azpeitiko Udalaren lurretan dagoelako, Udalak Lapatxen sartzen den hondakin tona bakoitzeko kanon bat kobratzen du; urtean, gutxi gorabehera 160.000 euro.

Aurreikusitakoa betetzen bada, Lapatx 2014an itxiko dute. Hortik aurrera ere, eta gutxienez beste 30 urtez, aipatutako diru-kopurua –KPI eguneratuta– jasoko luke Azpeitiko Udalak Lapatx kudeatzen duen enpresatik, epe horretan zabortegia izandakoaren lurrek zaintza berezia eskatuko luketelako.