"Bake garaia da. Alde egiteko garaia da"

Uztarria.eus 2011ko mar. 4a, 18:03
Izarraitzen egunotan Guardia Zibilaren aurka egindako pintaketa (Amnistiaren Aldeko Mugimendua).

Guardia Zibilari Azpeititik alde egiteko eskatuz mozioa onartu du Udalak

Eskaera Espainiako Barne Ministerioak Gipuzkoan duen delegaziora bidaliko dute

"Gatazkaren konponbidean Espainiatik etorritako gorputz militar eta polizialak Euskal Herritik alde egiteko eskaera egiten du Azpeitiko Udalak. Bake garaia da. Alde egiteko garaia da". Horrela dio Azpeitiko Udalak atzo, martxoak 3, Udalbatzan onartu zuen mozioaren hirugarren puntuak. Guardia Zibilari Azpeititik alde egiteko eskatu dio Udalak, eta eskaera spainiako Barne Ministerioak Gipuzkoan duen delegaziora bidaliko dute.

Ezker abertzaleko, EAko eta Aralarreko zinegotziek aurkeztu eta onartu zuten mozioa. EAJko zinegotziak, berriz, abstenitu egin ziren.

Mozioa

Hau da atzoko plenoan onartutako mozioaren edukia:

"Urte luzeetan Espainiako indar armatuen presentzia etengabekoa izan da gure kale eta errepideetan. Orain ordea, errepidetako kontrolez gain, kontrol modu berriak ikusten ari gara: Guardia Zibilaren kontrolak Azpeitiko mendietan. Azken hilabeteotan, Guardia Zibilak mendian dabiltzan herritarrak geratu, miatu eta galdekatu egiten dituzte eta hainbat herritar denbora luzez atxikitu izan dituzte. Azken urtean Azpeitia inguruko mendi guztietan ibili badira, orain Izarraitz mendikatea pairatzen ari gara Guardia Zibilaren presentzia itogarria. Mendiaz gozatzera ateratzen diren mendizaleak edozein izkinatan, armen mehatxupean, gorputz militar honen kontrolak topatzen ditu eta zenbait kasutan korrika mendizaleen atzetik ere jazarriz. Hamarkada luzeak daramatzate estatuko indar armatuak euskaldunon hitza eta erabakia eragotzi eta Espainiaren batasuna inposatzeko jardunean. Gainera ez dute inongo konplexurik eduki eskura dituzten bitarteko errepresibo guztiak erabiltzeko euskal herritarren giza eskubideak urratzeko. Ezta gaur egun ere.

Aro politiko berria ireki zaigu Euskal Herrian. Eragile politiko, sozial, sindikalak, (ETA erakundea barne) bakerantz eta normalizazio politikorako urratsak ematen ari diren bitartean gerra egitera etorri ziren Espainiako indar militarrak errepresio eta jazarpen estrategian murgildurik jarraitzen dute. Guzti honen aurrean Azpeitiko Udalak honako puntuak onartzen ditu:

  1. Azpeitiko Udalak gure udalerrian guardia zibilen presentzia eta kontrolen amaiera lehenbailehen eman dadin eskatzen dugu. Kalean, errepidean zein mendietan Azpeitiko herritarrak inongo jazarpen eta mehatxurik gabe lasai eta libre ibiltzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.
  2. Azpeitiko Udalak bake eta normalizazio politikora eramango gaituen prozesu demokratikoa garatu ahal izateko euskal herritarren aurkako errepresio mota guztiak alboratzea eskatzen du. Inongo inposizio eta mehatxu militarrik gabeko eszenatoki demokratikoa aldarrikatu nahi dugu, proiektu politiko guztiei (independentzia barne) egingarri izateko aukera sortuz.
  3. Gatazkaren konponbidean Espainiatik etorritako gorputz militar eta polizialak Euskal Herritik alde egiteko eskaera egiten du Azpeitiko Udalak. Bake garaia da. Alde egiteko garaia da.
  4. Azpeitiko Udalak adierazpen hau prentsa bidez Azpeitiko herriari zabaltzeko erabakia hartzen du. Honetaz gain eskaera hauek Espainiako barne Ministerioak Gipuzkoan duen delegaziora bidaltzeko erabakia hartzen du".

Balorazioak

EAJk ez zuen bat egin oposizioko taldeen eskaerarekin. Abstentzio arrazoitzerakoan, "Guardia Zibilaren presentziaren arrazoi nagusienetako bat ETA" dela adierazi zuen Julian Eizmendik. "Ea, ETAk lehenbailehen desagertzeko erabakia hartzen duen, denok saiatu behar dugu helburu horretan; herri honetan, askatasun pertsonal eta kolektiborako, burujabetzan aurrera egiteko, ETA etsai nagusia dugulako, denok espero dugun behin betiko urrats hori izugarria izango litzatekeelako", esan du alkateak. "Alde egiteko" eskaera ETAri zabaltzeko ideiarekin batera, autogobernuan sakontzearen garrantzia ere nabarmendu du Eizmendik. Bide horretatik, alkatearen esanetan, "nazionalista bezala dugun helburuarekin, independentziarekin, polizia alor guztiak geure esku izango genituzke".

Xanet Esnaola hautetsi independentistak "Guardia Zibila ETAren aurretik" dagoela gogoratu zuen atzoko bilkuran, EAJren argudioei erantzunez, "konstituzioz, Espainiaren batasuna eskatzen" duen erakundea dela gaineratuz.

Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimendutik (AAM), berriz, "ezker abertzaleko, EAko eta Aralarreko hautetsien jarrera txalotu" du, "arazo honen aurrean jarrera eta konpromiso argiak erakutsi dituztelako". Aitzitik, kritika zorrotza egiten dio AAMk EAJri: "Guardia Zibilak nahieran dabiltza Azpeitian, herritarrak izutuz, mehatxatuz, irainduz. Tamalgarria beste behin EAJko hautetsien isiltasuna". Herritarrei dei egiten die AAMk Guardia Zibilaren presentzia salatzeko, "bereziki Guardia Zibilaren aldetik jazarriak izan baldin badira. Antzeko kasuetan gurekin harremanetan jartzeko eskatuko genieke herritarrei".