Eusko Label agiria lor dezake Añotako sagardoak

Urola Kostako Hitza 2011ko mar. 3a, 19:03

Kalitatea Fundazioko Kalifikazio Komitea analisiak eta dastaketak egiten ari da egunotan EAEko sagardotegietan

Kalitatea Fundazioak abian jarri du sagardoari Eusko Label kalifikazioa emateko prozedura, eta izendapen hori lortzeko hautagaien artean da Añotako sagardoa, Gipuzkoako beste 18 upategirekin, Bizkaiko zazpirekin eta Arabako upategi batekin batera.

Zertifikaziorako Entitate Kreditatua den heinean, Kalitatea Fundazioak ikuskaritzak eta kontrolak egingo ditu aurki sagastietan, instalazioetan eta elaborazio prozesuan. Ondoren, analisi fisiko-kimikoak egingo dituzte, sagardoak araudiak biltzen dituen kalitate parametroak betetzen dituela ziurtatzeko.

Añotako sagardoaren botiletan, gainerakoetan bezala, Eusko Labelaren zigilua ikusi ahal izateko, ordea, Kalifikazio Komiteak eman beharko dio merezimendu hori; atzo hasi ziren komitearen dastaketa saioak. Batzorde hori sagardoaren inguruko pertsona ugarik osatzen du, horien artean, enologoak, teknikariak, sumelierrak eta sagardogileak daude. Horiek egunotan egingo dituzten zentzumen analisien ostean esango dute hautagai diren sagardoek Eusko Label ziurtagiria eskuratuko duten ala ez.

Kontrol zorrotzak

Añota Sagardotegiko nagusia den Luis Belokik azaldu duenez, bai sagastiak, bai sagarrak zuhaitzetik botilara egiten duen prozesu guztia beraiek kontrolatzen dute. "Askatasuna daukat nahi ditudan mugimenduak egiteko, baina, beti, beraien aurrean egin behar dira". Parametro zehatz batzuetan sartuz gero ziurtagiria emango diete; egindako sagardoaren %80 bertako sagarrarekin egin dute aurten, "baina, bertakoa izateagatik soilik ez da sagardo hobea, urtez urte hobetzen joan behar da hori ere".