Kultur proiektua eta kultura politikoa

Uztarria.eus 2011ko mar. 11a, 20:03
Enekoitz Esnaola Uztarriako kide ohia Eskoriatzan, Huhezin hitzaldia eman ondoren.

Huhezi Fakultatearen Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren Graduondokoan Uztarria Kultur Koordinakundeaz hitzaldia eman du Enekoitz Esnaolak

Hamar urtean euskara, kultura eta komunikazio arloetan izandako lorpen zehatzei ez ezik, gauzak egiteko modu berriari eman dio garrantzia

Kultur proiektua eta kultura politikoa, ideia hori oinarri hartuta egin du Enekoitz Esnaolak Uztarria Kultur Koordinakundeari (1998-2008) buruz hitzaldia Huhezi Mondragon Unibertsitateko Fakultatearen Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren 3. Graduondokoan. Oinarrigintza. Esperientzia eredugarriak saioan mintzatu da Uztarriako kide ohia, Eskoriatzan, haiek deituta.

Hemen Esnaolaren hitzaldiko laburpena:

  • "Uztarria Kultur Koordinakundea 1998ko martxoaren 3an aurkeztu genuen, komunikabideen aurrean. Baina mugimendua, prozesua, ez zen orduan hasi. 1997ko udaberritik egosten izan genuen herriko euskara eta kultur taldeen artean, mamitzen joan ginen. Hastea bezain garrantzitsua da ondo hastea.
  • Euskara, kultura eta komunikazioa arloetan egoera minimoaren azpitik geunden Azpeitian. Kontzientziarik ez zen, eroso Udala, jendeak pasibitatea, baliabide falta. Eta hori bezain larria: Azpeitiko euskara eta kultur taldeen artean ez zen harremanik.
  • Joxe Elorrietaren hitz batzuk erabili genituen Uztarria sortu aurreko lehen batzarrean: ''Ezin gara gelditu instituzioen eskuetan. Batzuetan irudi hori ikusten da, gure prozesua menpean dagoela eta instituzioek daukatela logika propio eta autonomoa. Hori ez da guretzat dinamikoena''.
  • Huhezik oraingo bere txosten batean kulturgintzaren artikulazioari lehentasuna ematen dio, baita tokiko eragileen eta erakunde publikoen indarrak norabide berean jartzeari ere. Helburu horien bila joan ginen Uztarria koordinakundea eratzean, eta beti hala aritu ginela uste dugu. Hamar urtean halaxe.
  • Herriko talde bakoitzak bere terrenotxotik irten zuen eztabaidetan eta gauzak ikuspegi zabala izanda aztertu genituen.
  • Azpeitian kultur proiektu bat sortu zela genioen. Ez zen inoren kontra sortu.
  • Uztarria sortzeko garaian parte-hartzeari buruz asko leitu genuen. Ezequiel Ander-Egg argentinar soziologoaren teoriak, esate batera. Hala dio hark: No estar en algo, sino decidir en algo. Guk gure proiektua abiatu genuenean, ez genuen aholkulari izan nahi, ez nonbait egon, baizik eta geuk egin, geuk erabaki. Elkarlanean bazen, hobeto.
  • Helburuak, norabidea, ardatzak, proiektua, estrategiak, baliabideak, mezua, koherentzia, garapen progresiboa, harremanak, herritarren atxikimendua, akordioak, lorpenak. Horiek ziren gure ikur eta ildoak. Eragin egin nahi genuen, zentralitatea lortu.
  • Antolaketari, bazkidetzari eta barne informazioari ere garrantzia ematen genien. Proposamen bat, proiektu bat edo kritika bat kaleratzerako, gaia barne mailan sozializatua / zabaldua genuen. Eta asko ginenez, ekimena geneukan. Egoera kudeatzeko formula ona izan daiteke. Baina sarea izan behar duzu, egitasmoak…
  • 2008an bukatu genuen Uztarria Kultur Koordinakundea. Helburuak beteta, gure ustez. Lorpen asko izan genituen hamar urtean euskara, kultura eta komunikazio arloetan.
  • Baina kultura politikoari ematen diogu guk garrantzirik handiena. Egindako lanari esker, gauzak beste era batera egiten dira orain Azpeitian. Dena ez du Udalak egiten. Herri mugimenduak badu ahotsa, baditu erabakiguneak, tresnak...
  • Azpeitian orain Kultur Mahaia bide bat egiten ari da, beregaina. Kultur taldeek, udal taldeek eta norbanakoek osatzen dute Mahaia. Uztarria koordinakundea 2008an bukatu genuenean —agian, bere garairik onenean—, ikusten genuen Azpeitian kultura arloan espazio zabalagoa eratzeko aukera zegoela. Guk ez genuen nahi protagonismorik edo ezer kapitalizatzerik. Kultur Mahaiaz ere kultura politikoa nabarmendu nahiko nuke, gauzak egiteko modua.
  • Indarrak kulturgintzaren artikulazioa lortzera bideratu behar dira. Horrela eragin daiteke barruan eta, gero, botere publikoan. Eta, agian, inoiz erabakigune bakarra herrian kokatzea lortuko da.
  • Urte asko beharko direla kulturgintza egituratzeko? Hamarkada eta belaunaldi terminoetan pentsatzen ikasi behar dugu".

Hemen Enekoitz Esnaolak Huhezin emandako hitzaldia osorik