Ander Mozo: "Hemen garestiago dira txaloak eta jendeak gehiago animatzen du han"

Uztarria.eus 2011ko ots. 28a, 13:02
Kasik taldea Alemanian emandako kontzertuan.

Kasik taldeak Berlinen kontzertua eskaini zuen duela bi asteburu

Uztarria.com-ek Alemaniako esperientziaz hitz egin du Ander Mozo taldeko gitarra-jotzailearekin

Jaiotzen ari dira gure oroitzapenak da Kasik taldearen lehenengo diskoaren izena. Diska kaleratu zutenetik hainbat kontzertu eman dituzte Euskal Herriko herri desberdinetan, eta joan den otsailaren 18an, ostirala, Berlinen eskaini zuten kontzertua. Hango esperientziaz-eta hitz egin du Uztarria.com-ek Ander Mozo taldeko gitarra-jotzailearekin:

Zer moduzko esperientzia izan da Alemanian eman duzuen kontzertua?

Orokorrean, ona izan da. Beste herrialde bat denez, jendea desberdina da eta harrera ere desberdina izan da. Hemen lagunak-eta joaten dira ikustera eta han ez. Oso gustura itzuli gara.

Nolatan joan zineten Alemaniara?

Lagun bat dago han bizitzen eta haren bitartez joan ginen. Euskal Herriaren Lagunakek Euskal Herriaren inguruko ekimenak antolatzen ditu eta gure lagun horrek ea joko genuen esan zigun, eta guk baietz.

Zer moduzko harrera egin zizueten han?

Kontzertua eman genuen lekua ez zen oso handia eta bete egin zen. Euskal Herriaren Lagunakek antolatu zuen eta euskaldun dezente joan ziren ikustera. Orokorrean, jendea gustura gelditu zen. Hemen garestiago dira txaloak eta jendeak gehiago animatzen du han.

Euskal Herrian emandako kontzertuekin konparatuta, oso desberdina izan al da?

Desberdina izango zenaren ideiarekin joan ginen, baina ez zen hain desberdina izan, euskaldun asko zegoen. Hori bai, hemen oholtzara gerturatzea kosta egiten zaio jendeari, eta han gehiago gerturatzen ziren, beroagoa zen. Gainontzean, nahiko antzekoa izan zen.

Aurrerantzean Euskal Herritik irtetzeko asmorik ba al duzue?

Momentuz, Euskal Herrian nahi ditugu eman kontzertuak. Bidaia luzea zen eta egun gutxirako joan ginen. Berlineko kontzertuko antolatzaileek kontaktua mantentzeko asmoa erakutsi ziguten.

Hala ere, Urola bailaratik irtenez gero, jada gustura. Pasa den ostiralean Gasteizen izan ginen eta hemendik irtetzea ondo datorkigu. Hemen zentratzea nahiago dugu, baina kanpora irtetzeari ez dizkiogu ateak ixten.

Alemaniako egonaldian, zerbait ikusteko betarik izan al duzue?

Ahalik eta gehien aprobetxatu dugu. Bidaiak nekatu egin gintuen, 21 ordukoa izan baitzen. Han genuen lagunak bazterrak erakutsi zizkigun, baina turismoa egiteko denbora gehiago hartu behar genuen. Alemanian 51 ordu pasatu genituen eta bidaian 41 ordu. Hala eta guztiz, oso esperientzia ona izan da.