Artzai-inudeen kalejiran danborra jo nahi dutenei deia luzatu die aurten ere Udalak

Uztarria.eus 2011ko ots. 24a, 18:02
2009an Artzai-Inudeekin batera atera ziren danborjoleak.

Entseguak bihar, otsailak 25, eta martxoaren 3an egingo dituzte

Itsasikoen desfilean Inauterietako pertsonaia bezala ateratzeko jendea ere behar dute

Azken urteetan egin bezala, Udaleko Festa Batzordeak deialdia ireki du, Jai Karnabalean -martxoaren 6an- Itsasikoen Artzai-Inudeen konpartsan danborra joaz atera nahi duten herritar guztiei zuzenduta.

Danborjoleek entseguak bihar, otsailak 25, eta martxoaren 3an egingo dituzte, Itsasi Dantza Taldearen Urola kaleko egoitza berrian (lehen Zapo Txoko gaztelekua zegoen lokaletan), 21:00etan hasita. Festa Batzordetik aurreratu dutenez, bi pieza errepikatuko dituzte danborjoleek desfileko ibilbide guztian.

Danborra jotzen atera nahi dutenak bertara azaldu beharko dira. Izenak, berriz, Udaleko Kultura saileko bulegoan eman ditzakete, edota 943 157068 telefonora deituta.

Danborjoleak ez ezik, Itsasikoen desfilean Inauterietako pertsonaia bezala ateratzeko jendea ere behar dute. Kasu honetan, izen-ematea lehen aipatutako telefono zenbakira deituta egin behar da.