Tene saria Pako Aristirentzat

Berria.info, uztarria.com | Kultura
2011ko ots. 10a, 18:02

Mikel Markezekin partekatzen duen Benito Lertxundiri buruzko proiektuarengatik saritu dute

Debako Udalak eta Elkarrek ematen dute saria, "gure historia hurbilaz biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak edota ikerketak bultzatzeko"

Pako Aristik (Urrestilla, 1963) sari berri bat eskuratu du, Tene saria. Mikel Markezekin partekatzen duen Benito Lertxundiri buruzko proiektuarengatik saritu dute oraingoan

Mikel Markezek eta Pako Aristik elkarrekin aurkezturiko Benito, plazer bat izan duk eta Ainara Gorostitzuren EtorkiZUnak dira Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Tene sariaren proiektu irabazleak, sariaren arduradunek Donostian gaur, otsailak 10, jakinarazi dutenez.

2010eko deialdian aurkezturiko "lanen kalitatea" aintzat hartuta, Tene saria bitan banatzea erabaki du bekako epaimahaiak (Lorea Agirre, Alberto Barandiaran eta Elixabete Garmendiak osaturikoak). Udalak, berriz, epaimahaiaren eskaria aintzat hartuz, bikoiztu egin du sariaren diru kopurua: 6.000 euro irabazle bakoitzarentzat.

Aristiri eta Markezi dagokienez, Benito Lertxundi kantariarekin urteetan egindako bazkari eta bazkalosteko solasetan oinarrituta prestatu dute proiektua. Haren testigantza eta gogoetak modu literario batean jaso nahi dituzte. Urtebete izango dute proiektuak liburu formatoan gauzatzeko, eta 2012an kaleratuko ditu Elkar argitaletxeak.

Debako Udalak eta Elkarrek ematen dute Tene saria, "gure historia hurbilaz biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak edota ikerketak bultzatzeko", Debako alaba Tene Mujika idazlearen omenez.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu