Ezker abertzaleak etxez etxe DVD bat banatuko du, herri programa lantzeko egindako diagnostikoarekin

Urola Kostako Hitza 2011ko ots. 5a, 15:02
Azpeitiko ezker abertzaleak hauteskundeetarako lanari ekingo dio "buru-belarri" gaurtik aurrera, gaur agerraldian esan dutenez (Onintza Lete Arrieta)

Hauteskundeetarako herri programa egiteko prozesu parte-hartzailea abiatu du gaur ezker abertzaleak

"Azpeitia ezkertiar eta abertzalea eraikitzea" helburu hartuta, herritarren eta eragileen iritzia jasota osatu nahi dute programa

Azpeitiko ezker abertzaleak agerraldia egin du gaur eguerdian, maiatzeko hauteskundeei begira lanean hasi dela iragarri eta bere asmoen berri emateko. Azpeitia "ezkertiar eta abertzalea eraikitzea" helburu hartuta, egungo legegintzaldiaren balorazioa egin, eta diagnostiko hori jasotzen duen DVD bat prestatu du. Aurkezpenean hitza hartu duen Leire Goenagak jakinarazi duenez, datozen egunetan banatuko dute ikusentzunezkoa etxez etxe, "hauteskunde txanparen abiapuntu gisara".

DVDa azken bi hilabeteetako lanaren ondorio dela esan du Azpeitiko ezker abertzaleak, eta "arloz arlo hainbat hartueman" izan dutela "herrigintzan lanean diharduten eragile eta norbanakoekin". Gaurtik aurrera herri programa osatzeko lanean murgilduko dira "buru-belarri", eta iritzi gehiago jasotzeko asmoa azaldu dute: "Herriko taldeekin harremanetan jarriko gara, arloz arloko hainbat bilera antolatuko ditugu, eta inkesta bidez herritar guztiei euren iritzia emateko aukera zabalduko diegu".

Azpeitiko Udala "herritarren zerbitzura jarri eta herritarren beharrei erantzungo dien instituzioa bilakatu nahi" dute, baina bidea "ez da oztoporik gabea izango", esan dute. Ilegalizazioen "mamua" begibistan egon arren, euskal herritarrek ezker abertzalearen legalizazioa "desio" dutela argi dute, eta hori legalizazioaren aldekoa izango da: "Guk herriak duen indarrean sinesten dugu. Ondorengo asteetan legalizazioaren alde hasiko den borroka hori, herritarren bultzadaz irabaziko dugunaren konfiantza osoa dugu. Beraz, udal zein foru hauteskundeetan presente izango da ezker abertzalea".