Bakarrik aurkeztuko da Hamaikabat

Uztarria.eus 2011ko ots. 1a, 18:02

EAJk Azpeitian bere zerrendan toki bat eskaini dio, baina hautagai horrek jeltzaleen oniritzia jaso beharko luke

Bi alderdiek herrian azkeneko bilera iazko ekainean egin zuten, H1!-en iturrien arabera

Azken albistea (otsailak 2, asteazkena): Azpeitiko EAJk "gauzak beste era batera" zihoazela uste zuen

Hamaikabat (H1!) alderdi politikoa Azpeitian ere bakarrik aurkeztuko da datorren maiatzaren 22ko udal hauteskundeetara, ez EAJrekin, uztarria.com-ek Azpeitiko H1!-en iturrietatik jakin duenez. Azkeneko hilabeteetan hauteskundeetako elkarlan posibleez hartu-emanak izan dituzte, baina ez dira akordiora heldu, ez koalizioa osatzeko, ez bestelako moduez.

Azpeitian bi alderdiek bilera batzuk izan zituzten iaz. "Elkarlana eskaini genion EAJri baina, honek ere elkarlanaren beharra ikusten duen arren, goitik heltzen zaizkion mezuak direla-eta ez digu proposamen zehatzik egin oraindik", dio herriko H1!-ek. Azkenengo bilera 2010eko ekainean izan zuten.

EAJk Gipuzkoa mailan Hamaikabati 29 udaleko zerrenda bat aurkeztu zion orain aste batzuk, eta tartean da Azpeitiko kasua. EAJren baldintzak: 29 udal horietan H1!-ek gutxienez 25 zinegotzi izango ditu, H1!-eko hautagaiak EAJren zerrendatan joango dira (EAJren izenpean baino ez), eta hautagai horiek tokian tokiko EAJren oniritzia izango dute.

Hamaikabatek baztertu egin du jeltzaleen eskaintza. "Laburbilduta: EAJk ez du nahi koaliziorik gurekin", diote H1!-eko ordezkariek, uztarria.com-ek jakin duenez.

Bakarrik aurkeztuko da, ondorioz. Joan den abenduan eta urtarrilean herrian buzoneatu zituen diptiko eta aldizkariko 1. zenbakian aukera hori iragarri zuen. Irailean, berriz, alkategaiaren berri eman zuen: Aitor Aranguren izango da.

Alderdi horrek bere lehen hauteskundeak izango ditu Hamaikabat bezala, duela urtebete pasatxo sortu zelako, bertako hainbat kide ezagunek EA uztean. Honek ezker abertzalearekin hasitako bidearekin ez zeuden ados, eta EAJrekin batera "abertzaletasun historikoa sendotu" behar dela aldarrikatu zuten.

Azken albistea (otsailak 2, asteazkena): Azpeitiko EAJk "gauzak beste era batera" zihoazela" uste zuen. Azpeitiko EAJko Uri Buru Batzarreko iturriek uztarria.com-i adierazi diotenez, H1!-ek egindako proposamena "ontzat" hartu zuten, "baina hasieratik esan genien akordioak globala izan behar zuela"; alderdien goi-ordezkarien artekoa, alegia.

EAJren ordezkariek ez dute H1!-ekin hitz egindakoez xehetasunik eman, baina Hamaikabaten erabakiaren berri hedabideek argitaratutakoaren bidez jaso dutela onartu dute. "Oraindik ez dugu geure artean hitz egin. Gauzak beste era batera zihoazela uste genuen", esan diote uztarria.com-i EAJtik. "Bileraren bat egin beharko" dutela eta "zain" gelditzen direla esan diote iturri horiek. Gipuzkoa mailan bileraren bat egin beharko dutela uste dute.

Azpeitian EAJ da bere alkategaia zein izango den jakinarazi duen beste alderdia. Hain zuzen, Jesus LarraƱaga izango da haren zerrendaburua.

Herrian 1897tik izandako alkateak hemen.