Jabetze Eskola antolatu du Emakumeen Mahaiak bigarrengoz

Uztarria.eus 2011ko urt. 28a, 11:01

Iaz sotu zuten Emakumeentzako Jabetze Eskola, emakumeen parte hartze sozio-politikoa indartzeko asmoz

Aurten bost ikastaro antolatu dituzte eta urtarrila eta ekaina bitartean izango dira

Iaz sortu zuten Emakumeentzako Azpeitiko Jabetze Eskola, emakumeen parte hartze sozio-politikoa indartzeko asmoz.

Aurten ere, "iazko arrakastari jarraipena emateko", hainbat ikastaro antolatu dituzte. Urtarrilean hasi eta ekainera bitartean eskainiko dituzten ikastaro eta topaketetan hainbat gai izango dituzte aztergai; autoestimu tailerra , emakumeen aurkako indarkeriari aurre hartzeko autodefentsa feminista; sexualitatea; feminismoaren oinarrizko kontzeptuak; transfeminismoa...

Topaketez gain, "emakume guztion topalekua izan nahi duen Emakumeen Txokoaren irekiera ere ospatuko dugu aurten eta, beraz, ilusio handiz ekingo diogu aro berri honi" adierazi dute Azpeitiko Emakumeen Mahaikoek.

Azpeitiko Jabetze Eskolan "emakume guztiok dugu lekua" adierazi dute Mahaiko kideek.

Emakumeen Jabetze Eskola 2011

Ikastaroetan parte hartzeko Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailean eman behar da izena. Bertara joanda (udaletxeko 3. solairua) edo 943 15 79 28 zenbakira deituta.

Autoestimu tailerra. Pepa Bojok emango ditu saioak urtarrila eta martxoa bitartean. Astelehenetan izango dira saioak 15:00etatik 17:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Sindikatu Zaharreko lehenengo solairuan izango dira saioak eta gazteleraz eskainiko ditu saioak. 30 euro ordaindu beharko dira ikastaroa, baina ikasle eta langabetuek 20 euro.

Autodefentsa Feminista Tailerra. Isa Bernalek emango du ikastaroa. Martxoaren 11n eta 12an izango da 16:00etatik 20:00etara ostiralean, eta 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara zapatuan. Ikastaroa gazteleraz eskainiko dute eta aurrerago zehaztu dute non izango den. 18 euro ordaindu beharko dute izena ematen dutenek. Ikasle eta langabetuek, berriz, 12 euro.

Teoria Feminista Tailerra. EMAGIN dokumentazio eta ikerkuntza zentro feministako kideek eskainiko dute ikastaroa. Martxoaren 5ean, 19an eta 26an izango dira saioak, 10:00etatik 13:00etara bitartean, Sindikatu Zaharreko lehenengo solairuan. Euskaraz izango dira saioak eta 18 euro ordaindu beharko dira, baina ikasle eta langabetuek 12 euro.

Hitzaldia: Transfeminismoa. Itziar Zigak eskainiko du hitzaldia martxoaren 24an, 19:00etan hasita. Non izango den zehaztu gabe dago oraindik, eta gazteleraz izango da.

Gorputzaren erotika tailerra. Olatz Berasategik emango du tailerra. Ekainean izango da, baina eguna eta ordua zehazteko daude oraindik. Euskaraz izango da tailerra.