Helduen danborrada berriro plazan bukatu nahi du Udalak

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2011ko urt. 25a, 20:01

Aurten arazorik izan ez den arren, hainbat gabezi ikusi ditu Altuna Festa batzordeburuak: ohi baino ikusle gutxiago kalean, amaiera "berandu eta nahikoa txepela"

Otsailaren 2an bilera egingo dute Udalak eta danbor taldeetako ordezkariek

Sansebastianen balorazio ona egin du Jabier Altuna Udal Festa batzordeburuak, baina jakinarazi du datorren urtean helduen danborrada atzera plazan bukatzeko modua aurkitu beharko dutela. Hau da, lehengo ordutegira itzuli nahi duela. Aurten ordutegi berria izan dute: 23:15ean hasi, plazan egin bandera igoera, eta ondoren kale buelta. Aurten arte 22:15ean hasten zen, kale buelta egin, eta plazako bandera igoerarekin amaitzen zen.

"Enparantza nagusian ez zen toki arazorik izan, eta Perez Arregiko berrikuntzak (pantaila erraldoia) nahiko harrera ona izan du", dio Altunak, baina kaleetan "ohi baino jende gutxiago" ibili zela aitortu du eta danborrada "berandu" bukatu zela. Gainera, "amaiera nahiko txepela" izan zela dio, eta "datorren urterako zertxobait aldatu eta berriz plazan bukatzeko modua aurkitu" beharko dela. "Ideia batzuk" badituztela, eta danborradako taldeei otsailaren 2ko bileran azalduko dizkietela adierazi du Altunak.

Txikien danborrada "oso ondo" atera zen Festa batzordeburuaren ustez, eta Eider Joaristik eginiko karroza "asko gustatu" zela. Hori dela-eta, zoriondu egin dute Joaristi.

Uztarria herri aldizkariaren erreportajea aurtengo helduen danborradaz.