Urtarrilaren 27an greba orokorra!

Aitor Zinkunegi (Azpeitiko Ezker Abertzalearen izenean) 2011ko urt. 25a, 12:01

Pentsio sistema publikoaren erreforma eta horren ondorioak hartzen ari diren neurri guztien norabidean txertaturik ulertu behar dira. Bigarren Mundu Gerraren ostean sortu zen Ongizate Estatua behingoz desagerrarazteko erasoaldi osoaren baitan, horren funtsa den pentsio sistema publikoari tokatu zaio oraingoan. Pentsioen kasuan ere, bankak pentsio sistema pribatuekin negozioa egiteko premiaz ohartarazi du eta bide hori hartzea erabaki du botere ekonomikoak.

Jendearen etorkizuna kolokan jarriko dituzten neurriak hartzea da helburua. Eta horretarako, jakina denez, ezinbestekoa da aldez aurretik ondo antolatutako kanpaina mediatiko-propagandistikoa burutzea. Horrela, txostenak eta ikerketak-eta adituek atera izan dituzte azken aldi honetan non-nahitik: pentsio sistema arrisku bizian dagoela sinestarazteko, horrela jarraituz gero apokalipsia etorriko litzatekeela, gero eta zahar gehiago daudela, pentsioak ezin direla bermatuÂ… gezur hutsak.

Ondoen ulertzen den neurria (eta ikusgarriena) erretiro adina atzeratzea da, 65etik 67 urtetara. Hau izugarria bada ere, bestelako neurri batzuk benetan kaltegarriak izango dira denontzat. Honela, pentsio eskubidea izateko beharrezkoak diren kotizazio urteak gehitzeak, oinarria kalkulatzeko urte gehiago kontuan hartzeak eta kotizazio urteen arabera jasotzen den diru kopurua murrizteak, praktikan, pentsio eskubidea guztiz mugatuko digute denoi. Hori, beste neurri batzuen artean.

Pentsio sistema publikoek ez daukate porrot arriskurik eta, gainera, erretiroa bermatu ahal diguten bakarrak dira. Erreforma honen helburu bakarra pentsio sistema pribatizatzea da. Banketxeei negozio itzela eman pentsio duin bat ziurtatu nahi duenak pentsio pribatu bat egin beharko duelako. Pentsio miserableak izan nahi ez baditugu, pribatura jo beharko dugu, baina argi eta garbi dago, "irtenbide" hori ere gutxi batzuentzat baino ez dela, jende askok eta askok ezinezkoa baitugu horrelako "planik" egitea.

Ezin dugu onartu milaka lagun pentsio eskubiderik gabe gelditzea. Behar beharrezkoa dugu ezinbestekoak diren aldaketen aldeko borroka indartzea. Gaur instituzioetan nagusi diren indar politikoek erabaki berdin berdinak hartzen dituzte eta egiten ari diren bidea betirako dela bermatzen dute, euren arteko alternantzia politikoarekin. Beraz, aldaketa sozialak lortzeko, aldaketa politikoak behar ditugu, instituzioak aldaketaren zerbitzura jarri behar dute eta marko instituzional berria eraiki behar dugu.

Greba orokor hau ez da amorrualdi edo kasketaldi hutsa. Benetako aldaketaren alde borrokan jarraitzeko bidea da. Beste eredu ekonomiko, sozial eta politiko baten alde borrokan jarraitu behar dugu, herritarrak gutxi batzuen ekonomiaren mesedetan ez daitezen erabili, baizik eta ekonomia herritarren mesedetan. Euskal herritarrok mobilizatu beharra daukagu, kalera irten eta geure eskubideak errespeta ditzaten aldarrikatu.